Ke-isurketak geldiarazteko «premiazko neurriak» hartzeko eskatu du Udalak

Kontrolik gabeko ke-isurketak izan zituzten hizpide bileran. /  DV
Kontrolik gabeko ke-isurketak izan zituzten hizpide bileran. / DV

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuorde Elena Morenok bilera izan zuten Gasteizen udal ordezkariek

JOSU ARANBERRI USURBIL.

Pasa den astelehenean udalak eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuorde Elena Morenok bilera izan zuten Gasteizen, Usurbilen dauden ke-isurketen gainean neurriak hartzeko. Bileran bertan, Xabier Arregi Usurbilgo alkateak ke isurketek eragindako egoeraren larritasuna helarazi eta «premiazko eta presazko neurriak» har ditzala eskatu zion sailburuordeari: «Usurbildarron kezka geroz eta handiagoa da. Gure eskuetan genuen guztia egin dugu Usurbilen ke-isurketak kontrolatzeko, baina udalak eskumen mugatua du gai honetan. Hori dela eta, arazo honek Eusko Jaurlaritzaren interbentzio zuzena eskatzen du».

Bileran ke-isurketa kontrolik gabekoak landu dira bereziki, eta bi puntu nabarmendu dira: batetik, gaur egun teilatuetatik aireratzen diren keak onartezinak eta legez kanpokoak direla, eta, bestetik, tximinietatik ateratzen diren keen kontrola ere areagotu beharra dagoela.

Sailburuordeak onartu du gai honetan Eusko Jaurlaritzak duen erantzukizuna, eta hitz eman du neurriak hartuko dituztela ez dadin kerik isuri behar bezala iragazi gabe. Hitz eman du, halaber, laster batean jakinaraziko diotela Usurbilgo Udalari zein neurri hartuko dituzten.

Energia tailerra

'Fakturazio energetikoa eta eraginkortasuna etxebizitzetan eta jarduera ekonomikoetan' izeneko tailerra egingo da urriaren 25ean Usurbilgo Lanbide Eskolan, Zubietan. Izan ere, Zubietako Energia Planaren baitan Sentsibilizazioa, Trebakuntza eta Informazioa trukatzea aurreikusten da.

Burutu den energia diagnosiaren baitan, energia aurrezteko hainbat aukera antzeman dira, bai etxebizi-tzetan, bai jarduereten eta baita eremu publikoan ere. Honenbestez herritarrei eta negozio txikietako jabeei zuzendutako tailerra hau antolatzen da, energiaren inguruko ezagutza handitu eta horretan eragiteko tresnak emateko helburuarekin.

Alegazioak

Gipuzkoako Aldundiak Tolosan, N-I-ean, Buruntzaldean eta Donostiako garraio publiko loturetan egingo dituen moldaketetan «Usurbilentzako murrizketa larriak» egingo dituela salatu zuen. Hori dela eta, inguruetako hainbat alkaterekin batera, Aldundiari bilera eskatu dio «ehundaka herritarri egingo dizkieten kalteak berraztertu ditzan», Xabier Arregi alkatearen arabera.

Egoera horri aurre egiteko, udalak herritarren eskura jarriko du alegazioak egiteko aukera, eta, horretarako,hilaren 23a bitartean, hala nahi duenak udaletxean eskuragarri ditu alegazio-orriak.

Izan ere, Lurraldebus-ek eskaintzen duen 'Usurbil - Ospitaleak' linea guztiz desagertaraziko du Aldundiak. Bertan daude, besteak beste, Usurbilgo herriguneko eta Aginagako zein Txokoaldeko geltokiak. Horrez gain, 'Usurbil - Hernani' arteko linean Zubietako, eta, horrenbestez, Santueneko geltokiak ere desagertuko dira.

Fotos

Vídeos