Kataluniari elkartasuna erakusteko ekimenak egin ziren atzo Getarian

Bazkaria prestatzen. Kataluniatik etorritakoak ibili ziren sukaldeko lanetan bertako getariarrekin batera, elkarlanean denak. /  AMAXKAR
Bazkaria prestatzen. Kataluniatik etorritakoak ibili ziren sukaldeko lanetan bertako getariarrekin batera, elkarlanean denak. / AMAXKAR

Herriko plazan eguerdian elkarretaratzea egin zuten eta, ondoren, bazkari herrikoia

JUAN MARI ZUBIAURRE GETARIA.

Herritarren Ekimenak Kataluniako herria bizitzen ari den egoera dela eta ekimen deialdia egin zuen atzorako. Getarian bizi diren Katalanek proposatuta eguerdian herriko plazan elkarretaratze bat egin zuten (herrian bizi den katalan batek hitz batzuk ere esan zituen) eta ondoren, herri bazkaria Mariñelak elkartean Kataluniako janari tipikoarekin (Calçotada, butifarra, ardoa...) egin zuten. Janaria Katalan beraiek prestatu zuten giro oso onean. Getarian bizi diren katalanen hainbat lagun ere etorri ziren (janaria beraiek ekarriko zuten).

Apaolazaren hitzaldia

Getariako Eskubide Sozialen Kartak aurreko kurtsoan, eta herri galdeketaren arira, burujabetza ekonomiko eta politikoaren inguruko hainbat ekimen antolatu zituen. Gaiak interesa sortzen jarraitzen du, aktualitatea izaten segitzen du eta etorkizunari begira ere gure gizarteko pertsonen ongizate indibidual eta kolektiborako klabe nagusia izango denez kontua lantzen jarraitzea pentsatua dute Kartakoak. Baina oraingoan etortzen direnei zehaztasun gehiagoren inguruan hitz egiteko eskatuko diote.

Landuko diren gaiak hauek izango dira; herri hau burujabe izateko egin den bidearen errepasoa, orokorra eta bera parte den eragilearena, gaur egun dauden aukerak eta zailtasunak, etorkizunari begira zer estrategia erabili: zein bide jorratu behar den, paktatua, aldebakarrekoa, desobedientzia... eta aliantzak.

Lehen hitzaldia hilak 12an, osteguna, arratsaldeko 19:00etan Alhondigan. 'Independentismoa berrasmatzen' izenburupean antolatu den hitzaldia Unai Apaolazak emango du. Kartako kideak helarazi duten biografiak honela dio. Unai Apaolaza (Donostia, 1973) filosofian lizentziaduna da eta ikasketa aurreratuen diploma du 'Egungo arazoak filosofian' adarrean, biak Euskal Herriko Unibertsitatean. Filosofia irakaslea da batxilergoan. 'Euskal nazionalismoa XXI. mendean' masterrean (EHU) eta 'Euskal Herriko pentsamendu kritikoa XX-XXI. mendeetan' graduondokoan (UEU, EHU) irakaslea da. Bere ikergai nagusia subjektu politikoak dira. Lapiko Kritikoa kolektiboko kidea da. Artikulu ugari argitaratu ditu 'Hausnart' aldizkarian eta hainbat egunkaritan.

Getariako Eskubide Sozialen Kartak herritarrak animatu eta gonbidatzen dituzte hitzaldira.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos