Kantuan hasi dituzte Euskararen Eguneko ekitaldiak

Udarregi ikastolako ikasle eta irakasleak frontoian izan ziren euskal abestiak abesten. / ARGAZKIAK ARANBERRI
Udarregi ikastolako ikasle eta irakasleak frontoian izan ziren euskal abestiak abesten. / ARGAZKIAK ARANBERRI

Ikastetxe desberdinek zenbait ekintza aurrea eraman zituzten atzo

JOSU ARANBERRI USURBIL.

Igandean Euskararen Eguna ospatzen dela eta, atzokoan zenbait ospakizun izan ziren herrian. Ikastetxe desberdinek zenbait ekintza aurrea eraman zituzten atzoko egunez eta Udarregi ikastolako ikasle eta irakasleak frontoian izan ziren euskal abestiak abesten.

Atzo bete ziren 9 urte Mikel Laboa zendu zela, eta urtero legez, bere omenez Laboaren musika entzungai izan zen egun osoan zehar herriko pilotaleku inguruan. Honenbestez, atzoko kantaldia, aurretik ere girotua izan zen.

Lehen Hezkuntzako ikasle eta irakasleak izan ziren euskal kantak abestera irten zirenak. Eguraldiak askorik laguntzen ez bazuen ere, hotzari aurre egin eta abesti politak eskaini zituzten eta saioa amaitzerako elur maluta potoloek ere agerpena egin zuten.

Igandean ere, Euskararen egunez ekitaldi gehiago izango dira. Aginagan, Antxomolantxa elkarteak antolatuta, mural pintaketa izango da frontoi inguruan 11.00etan. Arratsaldean, berriz, 'Bualá' haurrentzako jaialdia izango da 17:00etan eta 18:30ean, Txalo konpainiak 'Erdibana' antzezlana eskainiko du eliza zaharrean Joxe Ramon Soroiz eta Iker Galartza aktoreekin.

Usurbilen arratsaldeko 17:00etan haurrentzako euskarazko filmea izango da ikusgai Sutegi eraikineko auditorioan. 'Zipi eta Zape' ikusteko aukera izango da bertan udalak eta Ziortza Gazte Elkarteak antolatuta.

Ondoren, 19:00etan, 'Pakian daonai pakian utzi!' izenburupean Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai herritarra umorez arituko dira euskaratik eta euskaraz, Noaua! Kultur Elkarteak antolatuta.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos