Kale-giroa berpiztu eta bertako produktuak baloratzeko festa antolatu du Astinduk

Tortilla patata egiteko otartxoa 15 eurotan jarriko dute eskuragarri eta The Joxelontxo's txarangak alaituko ditu kaleak larunbatean

K.A. ZESTOA.

Zestoako Astindu taldeak tortilla patata lehiaketa antolatu du bihar arratsalderako. Herriko Udalaren laguntzaz antolatu dute ekimen hau eta helburu nagusia Zestoako nekazarien produktuak ezagutzera eman eta bide batez kaleak girotzea izango da.

Horretarako, tortilla lehiaketarako, otartxoa jarriko dute salgai 15 eurotan, bertako produktuez osatutakoa. Otartxo honek 12 arrautza, patata eta letxuga izango ditu, eta horrez gain beste 1,50 eurotan bertako sagardo botilak izango dira salgai baita ere.

Koadrilek tortilla prestatzeko ekarri beharko duten gauza bakarra sartaia edo zartagina eta butanoa izango da, sua, mahaiak eta aulkiak ere antolatzaileek jarriko baitituzte.

Tortilla prestaketak arratsaldeko 19:30ean hasiko dira, eta kaleak girotzeko The Joxelontxo's txaranga arituko da arratsaldean zehar eta afalostean ere bai. Aurrez izena ematea komeni da parte hartzeko, antolatzaileek koadrila guztientzat behar adina otartxo prestatu ahal izateko. Horretarako 650966698 zenbakira deitu behar da.

Soinu banden kontzertua

Urtero legez, aurten ere Zestoako Musika Bandak hainbat filmetako soinu bandez osatutako emanaldi berezia eskainiko du, gaur, gaueko 22:30ean, kiroldegiko aterpean.

Ikusi eta entzun ahal izango diren filmak honakoak izango dira: 'Un americano en París', 'Rocky', 'Star Treck Generation' eta 'El Libro de la Jungla'.

Temas

Jaiak

Fotos

Vídeos