Julen Garateren 'Argi estalia' liburua aurkeztuko dute bihar Alondegian

Liburuaren azala./
Liburuaren azala.

Getariako Askizu auzoko familia baten istorioa kontatzen du Azkoitiko idazleak bere lehen lanean

JUAN MARI ZUBIAURRE GETARIA.

Bihar osteguna, azaroak 2, arratsaldeko 19:00etan Alondegian aurkeztuko du Julen Garate azkoitiar idazleak bere lehen lana, 'Argi estalia' izenburua daramana.

Getariako Askizu auzoko familia baten istorioa kontatzen du eleberri honetan Julen Garatek baina ez du bakarrik idatzi. «Nik sinatua baina talde baten laguntzaz idatzia da eleberri hau. Talde-lanean egindako idazketa aldarrikatuko dut, besteak beste, aurkezpenean», aurreratu du Garatek.

Liburuak bi berezitasun dituela aurreratu du egileak. Alde batetik, «idazkera arrunta, normala dauka. Ez dauka zerikusirik Atxaga, Saizarbitoria, Izagirre edo Sarrionandiaren maila jasoarekin. Ni idazle baino harri-jasotzaile hobea naiz. Eta hori harri-jasotzaile eskasa naizela, gerria erraz izorratzen zaidalako. Liburu arruntak ere behar ditugulako irakurle arruntentzat, propor-tzioan Kutsidazu bidea, Ixabel gehiago Otto Pette baino», adierazi du azkoitiarrak.

Bestalde, «bigarren berezitasuna sortze prozesuan dago. Idazleak, normalean, liburua bere txoko bakartian idazten du; alegia, bakardadea da idaztearen ezaugarri nagusietako bat. Gure kasua guztiz bestelakoa izan da: hasiera-hasieratik partekatu dut nire ideia beste pertsona/idazle batzuekin. Ziurrenik nire gabeziak bultzatuko ninduen horretara, baina gabezia bertute bihurtu dugulakoan nago. Hasiera batean lau lagun hasi ginen idazten. Beste arlo batzuetarako ere jende gehiago beharko nuenez (margolana egiteko, marrazkiak...), bukaerarako bederatziko lantaldea osatu dugu».

Liburua, zirkuitu komertzial arruntetik kanpo kokatzen den argitaletxe batean agertu da.

Fotos

Vídeos