'Joxan Artze, espirituz ere bai' hitzaldia izango da gaur Potxoenean

JOSU ARANBERRI USURBIL.

Joxan Artze omentzeko ekitaldi ugari izango dira egun hauetan. Herritarrek urtarrilaren 12an zendu zen sortzaile handia omendu nahi izan dute eta herri omenaldi nagusia larunbatean izango bada ere, aurretik ere ekimen bat iragarrita dago. Izan ere, gaur arratsaldeko 18:00etan, 'Joxan Artze, espirituz ere bai' goiburuko hitzaldia izango da Potxoenea Kultur Etxean, Andoni Salameroren eskutik.

Larunbatean 10:30ean 'Harria Hitz' bisita gidatua egiteko aukera izango da. Hain zuzen, kulturan zehar murgiltzeko aukera ematen duen ibilaldi honek argi erakusten du Usurbilek euskal sorkuntzan jokatu duen papera. Usurbil euskal tradizioa eta modernitatea ederki uztartu dituen herria da, baita euskal sorkuntzarekin konprometitutako herria ere. Harria Hitz ibilbideak, elementu horien bitartez, Usurbilek euskal kultura garaikidearen susperraldian jokatutako papera ezagutaraztea du helburu. Aurrez izena eman behar da: 688-81 80 17 edo info@kultour.pro

Eguerdiko 12:00etan, Mikel Laboa plazan, egingo da ekitaldi nagusia. Txalaparta, poesia, dantza, kantua eta musika lagun ditugula oroituko dugu Joxan Artze. 'Joxan Ar-tze sentituz'. 17:00etan, Olanoneko anfiteatroan. Haurrek marrazkiak egingo dituzte txalaparta entzunez sentitzen dutenarekin. Ondoren, ipuin kontaketa laburra izango da. 'Joxan Artze partekatuz'. 18:30 Dema plazan. Joxan Artzeren lanaren aitortza egingo da, poesia eta txalaparta uztartuz. Bertan, Joxanekiko sentimenduren bat adierazi nahi duten guztiek parte hartzeko aukera izango dute. Aurrez izena eman nahi duenak: 943-36 06 92 edo kultura@usurbil.eus.

Gaueko 22:30 frontoian, Joxan Artzeren lanean oinarritutako ikuskizuna gertutik biziko dugu: dantza, txalaparta, poesia, musika, bertsoak... Bestalde, egunean zehar, Sutegiko erakustaretoan 'Txoria txori' poema irakurrita, haurrek akuarelaz sortu dituzten marrazkiak ikusgai jarriko dira. Egunean bertan, Erregistro Liburua egongo da, Joxan Artzeri zerbait idatzi nahi dionarentzat. Aldez aurretik, Potxoenea Kultur Etxera etorrita ere idatz daiteke bertan. (943-37 19 99).

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos