Jone Olaskoaga (Orioko kanpineko zuzendaria): «Eguraldiak udaran gehiegi lagundu ez arren, kanpinean ondo egin dugu lana»

Jone Olaskoagak bi denboraldi egin ditu Orioko kanpiñeko zuzendari modura./ETXEBERRIA
Jone Olaskoagak bi denboraldi egin ditu Orioko kanpiñeko zuzendari modura. / ETXEBERRIA

Kanpinak gaur itxiko ditu ateak, datorren urteko martxoa bitartean

ANTXON ETXEBERRIAORIO.

Gaurko eguna pasa eta bihartik aurrera, datorren urteko martxora bitartera itxita egongo da Orioko kanpina. Jone Olaskoagak bigarren udara bete du kanpineko zuzendari gisa eta udara «ona» izan dela adierazten du. «Eguraldiak gehiegi lagundu ez arren, lana ondo egin dugu», dio.

-Jone, noiztik zara Orioko kanpineko zuzendari?

-2016ko martxotik, beraz bi denboraldi egin ditut.

-Udalak oposaketa publikoa atera du kanpineko zuzendari posturako. Beraz, agian datorren urtean ez zaitugu postuan ikusiko?

-Bai, halaxe da. Ni sartu nintzenean, hasiera batean urtebeterako izango zela esan zidaten eta bi egin ditut. Oposaketa deialdia egin du Udalak eta aurkeztuko naiz, eta ni bezala, jende gehiago. Udalak pertsona bat kontratatu nahi du funtzionario bezala, kanpineko zuzendari izateko. Posible da, noski, datorren urtean ni ez egotea, edonork atera dezake plaza hori.

-Kanpineko zuzendari aurretik, zein lanetan jardun zara?

-Lan desberdinetan aritu naiz: administrari moduan aroztegi batean; anaiekin ere administrari lanetan; Errentako aitorpen kanpainetan lana egin izan dut, eta gero, etxeko nekazal turismoan, Aizperron. Gainera, ama jubilatu egin da eta orain nire izenean jarri dugu nekazal turismoa.

-Orduan, asteburu honetan itxiko duzue kanpina?

-Bai, igande honetan (gaurkoagatik), izango da azken gaua; bihartik aurrera itxita. Orain pare bat urtera arte azaroak lehenengo asteburuan itxi egiten zen, baina iaz eta aurten ere, Behobiako lasterketa dela eta, Udalak astebete luzatzea erabaki zuen. Joan den urtean korrikalari dezente izan genituen, aurten gutxiago. Kanpina berriz datorren urteko martxoan zabalduko da. Ordura arte, lau hilabete itxita.

-Dena den, udara ondoren, okupazioa jaitsi egongo zen, ezta?

-Bai noski. Udaran lana oso ondo egin dugu. Uztailean %96a eta abuztuan beteta eduki dugu kanpina, baina iraila eta urrian ere lana ondo egin dugu. Hegoaldera doazen jubilatu dezente etorri zaizkigu beren karabanetan, eta eguraldi txarrak hasi arte 15 bat partzela egunero okupatuta izan ditugu. Hemen eguraldi kontuak markatzen du asko.

-Zenbat partzela dituzue?

-Pasarako 106 partzela, eta gero beste 36 fijoak, denboraldi guztiko kontratua dutenak. Batzuk orain hilabete itxi zuten, baina beste batzuk astebururo etortzen dira. 40 urte kanpinean daramatzatenak ere baditugu.

-Eta bungalowak?

-Guztira 34, ondo prestatua, pareja giroan joateko, familian, koadrilan... Harrera oso ona dute; egia esan, kanpina oso ondo kokatua dugu, eta batik bat abuztuan, beteta egon dira.

-Nondik dator jendea?

-Bungalowetan, batez ere nazionala, katalanak, madrildarrak, aurten andaluziako jendea ere, eta baita ere bezero euskaldun dezente, eta ez bakarrik familia giroan, koadrilak ere, tartean despedidetara etorritako jendea. Kontuan izan 7 pertsona kabitzen diren bungalowak ditugula, zerbitzu guztiak bertan eskaintzen direlarik: barbakoa, terraza, igerilekua, kafeteri-jatetxea, hondartza bertan...

-Eta atzerriko jenderik?

-Bai, baina gehiago udara aurretik eta ondoren, udaberri eta udazkenean, batik bat holandarrak, alemanak, frantsesak eta ingelesak, urrian adibidez jubilatu jendea.

-Arazorik izan duzue, edo lasai joan da denboraldia?

-Udara lasai joan da, arazorik gabe, eta horixe eskatzen digute gainera bezeroek, lasaitasuna eta isiltasuna gauean, lasai lo egiteko. Parranda nahi duenak, kanpinetik kanpora egin behar du.

-Udalaren apustua ona izan da, kanpinaren erreformak mesede egin du, baina, zerbait botatzen duzue faltan, zerbitzu berriren bat jartzeko ideiarik?

-Beti dauzkazu ideiak buruan, adibidez, umeentzako aukerak handitzeko gogoa; edo igerilekuan zenbait aldaketa egitekoak; ikusten dituzu zenbait gauza hobetu daitezkeela, baina ez jendearen kexagatik, zu konturatzen zarelako baizik. Dena den, zortzi urtetik gaur egunera kanpinak sekulako aldaketa izan du eta bezeroek udaletxearen apustua eskertzen dute, batez ere aspalditik etortzen direnek.

-Ondoko hotelean ere jendea nabaritzen da?

-Bai, badabil jendea eta pozten naiz, denoi datorkigu ondo inguruan giroa izatea; gainera, spa berriro martxan jartzeko asmoa daukate.

-Eta Jone, hemendik aurrera, kanpina itxita, zer egin behar duzu?

-Lasai, lan faltarik ez dut. Nekazal etxean obretan gabiltza; 25 urte bete ditugu eta asmoa nekazal turismoa gehiago taldeentzat prestatzea da, baserri giroa gehiago bizitzeko, gelen ordez apartamenduak; lehen apartamenduaren obra bukatu dugu, eta orain sukalde-jangela nahi dugu prestatu, dena azken teknologiarekin. Ni bertan bizi naiz, eta anai gazteena ere, baina anai-arreba eta ilobek ere bertan biltzen gera gurasoen ingurura, eta ez bakarrik mahai-bueltan, lanerako ere, adibidez orain gutxi arte sagar biltzen, sagardoa egiteko. Aspertzeko betarik ez dugu.

-Kanpinean edo nekazal etxean, beti jendearekin eta jende desberdinarekin?

-Bai halaxe da, lanpetuta baina gustura. Nik esaten dudan bezala, gehienetan oporretara datorren jendearekin egoten gara, eta bezero horiei ondo tratatu behar zaie; nire langileei esaten dieten bezala, kontutan hartzeko pertsona hori urte osoan lanean egon dela opor hauek hartzeko, eta jarrera egokia eduki behar dugula beraiekin.

Fotos

Vídeos