San Ixidro gaur, ospakizunak, berriz, igandean izan ziren

Erraldoi eta buruhandien konpartsa bertan izan zen txistularien laguntzarekin. /  ARGAZKIAK: ARANBERRI
Erraldoi eta buruhandien konpartsa bertan izan zen txistularien laguntzarekin. / ARGAZKIAK: ARANBERRI

Eguraldiak askorik lagundu ez bazuen ere, jai giroa izan zen nagusi pilotaleku eta dema plaza inguruan

JOSU ARANBERRI USURBIL.

San Ixidro eguna gaur ospatzen bada ere, Usurbilen maia-tzaren 15ari aurrea hartu eta igandean ospatu zuten baserritarren-tzat handia izaten den egun hau. Eguraldiak askorik lagundu ez bazuen ere, goizetik arratsaldera bitartean jai giroa izan zen nagusi herriko pilotaleku eta dema plaza inguruan.

Goizean Usurbilgo pilota txapelketako norgehiagokak izan ziren frontoian eta ordurako prest zeuden dema plazan herriko ekoizleen postuak.

Bertako produktuak kalera atera nahi izan dituzte aurtengoan herriko ekoizleek. Baserritarren lana eta bertako ekoizleen produktuak ezagutzera emateko eguna izan zen, eta Usurbil KM0 egitasmoaren abiapuntu. Postu desberdinetan banatuta produktu desberdinak ikusi eta erosteko aukera izan zen. Hala nola, egurrezko eskuareak, arrautza eta postre desberdinak, gaztak, txerrikiak eta barazkiak izan ziren bertan besteak beste. Euri zaparradek goizeko ekitaldi hau baldintzatu bazuten ere, ateruneetan jende dexente ibili zen dema plaza inguruan. Hamaiketakoa egiteko aukera ere izan zen bertan. Haragi eta txorizo egosia eta salda banatu baitzituzten edariarekin batera.

Aterune horietako batean irten ziren kalera erraldoi eta burunhandiak ere eta konpartsakoek, herriko txistulariez lagunduta, kaxko inguruko giroa berotu zuten.

Herri bazkariaren ondoren ere, izan zen zer ikusia. Herri kirolek hartu zuten San Ixidro egunaren inguruko ekitaldien lekukoa. Aizkoran eta trontzan aritu ziren gizonezko nahiz emakumezko. Egunari amaiera emateko, berriz, idi dema izan zen.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos