Irailaren 30ean Euskal Kosta Krosa jokatuko da, maratoi erdiko proban

Zumaian aurkeztu zen proba, lehen edizioak hasiera eta helmuga bertan izango baitu.
Zumaian aurkeztu zen proba, lehen edizioak hasiera eta helmuga bertan izango baitu. / AMAXKAR

Helburua, bailara ikuspuntua bultzatu eta gure kostaldea ezagutzera ematea da

JUAN MARI ZUBIAURRE GETARIA.

Getaria, Zumaia, Zarautz, Orio eta Aiako Udalek datorren irailaren 30ean lehen aldiz ospatuko den kirol proba baten berri eman dute. Maite Cruzado Gipuzkoako Foru Aldundiko turismo zuzendaria, Igor Iturain Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakaria, Nika Lertxundi Getariako alkatea, Oier Korta Zumaiako Alkatea, Nekane Arrizabalaga Aiako Alkatea, Joxe Angel Zaldua Orioko Alkatea eta Jesus Arana Zarauzko alkate ordeak proba honen berri eman zuten eta Euskal Kosta Krosa izenarekin abian jarriko den lasterketa honek, gure kostaldea zeharkatuko du.

Lasterketa, aurten, Zumaian hasi eta Zumaian bukatuko da, baina, ibiltaria izango da, abiapuntu eta helmuga desberdinak izango baititu edizio desberdinetan.

Antolakuntza lanetan dabiltza buru belarri, hain zuzen, Zumaia, Zarautz eta Getariako Udalak eta ibilbidearen eta lasterketaren ezaugarriak ondorengoak izango dira; irailaren 30an, 17:30etik aurrera, Zumaia, Getaria eta Zarautz artean jokatuko da Euskal Kosta Krosa maratoi erdiaren lehen edizioa.

Kostako errepidean zehar izango da lasterketa, aurten irteera eta helmuga Zumaian izan arren urtero aldatzen joango da. Datorren urtean Zarautzen abiatuko da eta hemendik bi urtera Getarian antolatuko da.

21,097 kilometroko lasterketa honetan edozein kirolarik hartu dezake baita ezgaitasunen bat dutenek ere, hala egun horretan guztiok disfrutatu dezagun.

Aurtengo parte-hartzaileen kopurua 800 izango da eta www.kirolprobak.com web orrian egin daiteke izen-ematea (20 euro).

Lasterketak helburu garbia du, indarrak batuz, bailara ikuspuntua bultzatu eta gure kostaldea ezagutzera ematea. Lasterketari lotuta, gainera, bailarako turismoa bultzatu nahi da, horretarako Gipuzkoako Foru Aldundia lagun izango dute bailarako udalerriek.

Lasterketari lotutako turismo hori bultzatzeko, pakete turistikoak jarri dira eskuragarri. Paketeak gau batekoak edo bi gauetakoak izango dira eta guztietan esperientzi bat eta bisita bat eskainiko dira, udalerri bakoitzean esanguratsua den zerbaiten inguruan.

Fotos

Vídeos