Ilintxak ihes egin dio Ketari atzeratutako partida irabazita

Carlos Teja. Baloiaren bila legazpiarren aurka. /  AMAXKAR
Carlos Teja. Baloiaren bila legazpiarren aurka. / AMAXKAR

I. Erregional Igoera Faseko sailkapeneko buruan bakarrik geratu dira Legazpikoak

JUAN MARI ZUBIAURRE GETARIA.

Behin baino gehiagotan azaldu dugu Keta Babyautoren inguruan idazterakoan Igoera Faseko sailkapena ez zela benetakoa. I. Erregionaleko fase erabakigarria hasten zen asteburuan elurra egin ondoren bi partida atzeratu ziren eta horren ondorioz sailkapenean azaltzen zena behin behinekoa zela eta itxaron beharra zegoela partida horiek jokatu eta emaitzak ezagutzera.

Aste Santuko geldialdia aprobetxatuz partida bat jokatu da, Ilintxa eta Muniberen artekoa eta legazpiarrek 2 eta 0 irabazi dute. Honek sailkapeneko buruan bakar bakarrik egotera eraman du Ilintxa eta hiru puntuko aldea ateratzen dio orain Getariako Keta taldeari.

Dunboa atzetik du Keta Babyautok puntu bakar batera baina erne zeren laugarren kokatua dagoen Segura taldeak (getariarrak baino 2 puntu gutxiagorekin) oraindik partida hura jokatu gabe dauka, Pasaiaren aurka bere etxean. Irabaziko balu Ketaren aurretik jarriko litzateke eta lau talde oso hurbil geratuko lirateke sailkapenean.

Dena den aurrera begiratu beharra dago eta hurrengo partida oso garrantzitsua izango da Iñaki Azpitarteren mutilentzat. Hilak 15ean Irunera joan eta Dunboaren aurka jokatuko dute. Lehen itzulian berdindu egin zuten Mendibeltzen eta orain garaipenak balio izugarria izango du. Prestaketa lanak ondo egin eta irabaztera joan beharko dute.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos