Igandean jokatuko da Zestoako 40. herri krosa

Parte-hartze handia espero da igande honetan jokatuko den herri krosean. / ARRIZABALAGA
Parte-hartze handia espero da igande honetan jokatuko den herri krosean. / ARRIZABALAGA

Zestoako Atletismo Taldeak, 'Koiote', 'Triku' eta 'Fati' omenduko dituzte

K. ARRIZABALAGA ZESTOA.

Igande honetan jokatuko da Zestoako 40. Herri Krosa. Izango du berezitasunik aurtengo ekimenak, izan ere orain lau hamarkada proba hau martxan jarri zuten hiru herritarrek ondo merezitako omenalditxoa izango dute. Horrela, Iñaki Irureta 'Triku', Jexux Goikoetxea 'Fati' eta Jexux Izeta 'Koiote' zena omenduko dituzte.

Horrez gain garaikurrak ere bereziak izango ditugu aurten. Hauek 'Lau Iturri' formakoak izango dira eta hemendik aurrera proba honetan horrelakoak izango omen dira.

Haurrak lehenengo

Gaztetxoentzako lasterketak goizeko 10:00an hasiko dira. Lehenengo herriko haurrentzako lasterketak izango dira eta 10:15etik aurrera benjamin, alebin eta infantil kategorietan neska-mutilentzako probak. Gaztetxoek lasterketarako izena egunean bertan eman ahal izango dute Zestoako udaletxe azpian. Irabazleentzako sariak eta dominak banatuko dira. Helduen lasterketak aldiz 11:30ean hasiko dira. Korrikalariek bi distantzien artean aukeratu ahal izango dute. Bat motza (2.770m) eta bestea luzea (8.630m). Bi lasterketak ordu berean hasiko dira. Bi lasterketetako 5 lehenengoei (emakume eta gizonei) sariak emango zaizkie. Baita lehenengo herrikoei ere. Lasterkari guztiei lasterketa bukaeran oparia eta hamaiketakoa emango zaie.

Gogoratu nahi dute izen ematea irekita dagoela www.herrikrosa.eus web orrian. Aurrez, martxoak 16 bitartean, izena ematea 5 euro kostatuko da. Lasterketa egunean izena emanez gero 10 euro ordaindu beharko dira.

Kaleokerrekoen bazkaria

Kaleokerreko zestoarrek aurten ere ospatuko dute kale honetako auzotarren arteko bazkaria, larunbatEan. Antolatzaileek bazkarirako izena emateko deia luzatu nahi dute, hau betiko legez Agustin tabernan izango delarik. izena emateko azken eguna, bihar osteguna, izango da.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos