Iban Pardo Euskal Herriko Sega Txapelketako finalean arituko da gaur

Sega lehia gogora izango da gaur Asteasun.
Sega lehia gogora izango da gaur Asteasun. / ARRIZABALAGA

Asteasuko Sarobe baserriko belardian jokatuko da, gaur eguerdiko 12:00etatik aurrera

K. ARRIZABALAGA ZESTOA.

Aian jokatu ziren Euskal Herriko Sega Txapelketako finalerdiak eta han eskuratu zuen Iban Pardo zestoarrak finalerako txartela. Aian bederatzi segalarik hartu zuten parte, bi saiotan banatuta, eta bertan belar gehien moztu zuen segalaria Pardo herritarra izan genuen, 1.480,5 kilorekin.

Aurrez, uztaila hasieran, Gipuzkoako txapelketako finalean erakutsi zituen Pardok bere dohainak, hirugarren gelditu arren gertu izan baitzuen txapela, oso kilo gutxik erabaki baitzituzten txapela eta lehenengo bi sailkatuak.

Lehen esan bezala Pardo izan zen garaile Aian (1.480,5 kilo) eta segidan Jokin Etxeberria (1.434 kilo), Julen Gabirondo (1.331 kilo) eta Jesus Mari Ormaetxea (1.305,5 kilo) sailkatu ziren finalerako. Esan beharra dago ordean Aiako finalerdietan 30 minutuko saioa egin zutela, baina finalean ordubeteko saioa osatu beharko dutela.

Ordubeteko lana izango dute, esan bezala, eta denbora horretan ahalik eta belar-kilo gehien ebakitzen duenak jantziko du txapela. Baina kontutan hartu beharko da epaileek zigorrak jar ditzaketela txukun ez ebakitzeagatik.

Gaur 12:00etan hasiko da finala, Asteasuko Sarobe baserriko belardian, eta ordubete geroago jakingo dugu sei urte lehian daramatzan Pardo herritarrak eskuratuko al duen txapela.

San Lorenteko jaiak

Ostegun honetan, abuztuak 10, San Lorenteko jaiak ospatuko dira Zestoan. Horrela, goizeko 11:00etan meza izango da bailarako hildakoen alde eliz parrokian, eta segidan, eguerdiko 12:00etan, umeentzako entzierroa, hauentzako jolasak eta Gorriti eta bere abereak izango dira. Horrez gain, pintxoak eta txalkoliña ere izango omen da bertaratzen diren lagunentzat.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos