Hurbilagok antolatuta 8. San Silbestre lasterketa bihar

San Silbestre lasterketako korrikalariak. /  ARANBERRI
San Silbestre lasterketako korrikalariak. / ARANBERRI

Haur, gazte, heldu nahiz adinekoek, guztiek izango dute tarte bat biharko korrika saioan arratsaldeko 17:00etatik aurrera

JOSU ARANBERRI USURBIL.

Bihar gauean agur esango diogu 2017. urteari. Urtezahar eguna da gaurkoa eta urteari agur esan eta 2018 urte berriari ongi etorria emateko ekitaldi desberdinak izango dira biharkoan herrian.

Alde batetik, bihar arratsaldean San Silbestre krosa izango da herriko kaleetan zehar. 2010ean lehen aldiz Hurbilago Usurbilgo Merkatari eta Ostalarien Elkarteak antolatu zuen ekimenak arrakasta izan du urte gauetan eta aurten ere jarraipena eman nahi izan diote. Arratsaldeko 17:00etatik aurrera hainbat eta hainbat korrikalari kalera irtengo dira. Haur, gazte, heldu nahiz adinekoek, guztiek izango dute tarte bat biharko korrika saioan. Izan ere, aurreko urteetan bezala, lehiakortasunik gabekoa izango da lasterketa, korrikalariek ez baitute dortsalik jasoko.

Lau kilometro inguruko luzera izango du Mikel Laboa plazan hasi eta bukatuko den ibilbideak. Kaxkoa alderik alde zeharkatuko du herri lasterketak. Antolatzaileek zehazten dutenez, jai kutsuko lasterketa izango da, lehiakortasunik gabekoa.

Proba amaitu ostean Hurbilago elkartearen gabonetako zozketa burutuko da herriko pilotalekuan. Elkarte honetako denda nahiz tabernetan egindako erosketa edota kontsumozio truke zozketarako txartelak bete ahal izan dira azken asteetan eta 50 euroko 25 bale eta Saizar Sagardotegian dastatzeko 2 lagunentzako 4 afari zozketatuko dira. Lasterketa honetan parte hartzeko aurrez izena eman daiteke doan Hurbilagoko saltokietan.

Bestalde, datozen egunetan ere Hurbilago elkarteak Askatasuna plazan jarritako izotz pistan ibiltzeko aukera izango da urtarrilaren 7a bitartean. Bertan ibiltzeko sarrerak Hurbilagoko saltokietan eskuratu daitezke 1,5 eurotan eta izotz pistan bertan 3 eurotan.

Aros DJ goizeko 1:00etan

Urteari agur esatearekin batera, berriz, musikak hartuko du jaiaren lekukoa. Goizeko 1:00ak aldera, Aros DJ-a izango da urte berriari ongietorria emateko kalera irtetzen diren guztiak dantzan jartzen saiatuko dena. Aurten, herriko pilotalekua izango da dantzalekua, Askatasuna plazan izotz pista baitago.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos