Hondakinak biltzeko sistema berria otsailaren 1ean jarriko da abian

Bagoazz. Karteletako bat./
Bagoazz. Karteletako bat.

Informazio kanpaina batek eskualdeko herritarrei azalpenak emango dizkie

JUAN MARI ZUBIAURRE GETARIA.

Hondakinak gaika sailkatzeko 2018ko otsailean indarrean sartuko den zerbitzu berriaren komunikazio kanpaina aurkeztu du Urola Kostako Udal Elkarteak aste honetan.

Bost herriak bat egingo dute zabor bilketa sistema berriarekin, Getaria, Aia, Orio, Zarautz eta Zumaia. Zabor bilketa mankomunatzeak bilketa sistema berria dakar eta honek aldaketa nabarmenak ekarriko ditu.

Batetik, herritarrek hondakin organikoak eta errefusa biltzeko edukiontziak irekitzeko txartel bat izango dute, eta eguneko 24 ordutan erabiltzeko aukera izango dute.

Bestetik, sortzaile handi diren komertzio eta ostalariei gaikako bilketa zerbitzua eskainiko zaie, puntuz puntu, jarraian zehazten diren frakzioak jasotzeko: organikoa, papera-kartoia eta errefusa. Komertzioei astean sei egunez eskainiko zaie zerbitzua, eta ostalariei, zazpi egunez.

Enpresa handien kasuan, berriz, frakzio hauek bilduko zaizkie: organikoa, errefusa, ontzi arinak, egurra, kartoia eta plastiko filma/poliespana. Jantokia duten enpresen kasuan, organikoa puntuz puntu jasoko zaie. Azkenik, landa eremuari dagokionez, ekarpen gune berriak sortuko direla aurreratu dute, eremu bakoitza edukiontzi guztiekin hornituko da.

Abantailak

Sistema berriak zenbait abantaila ekarriko ditu. Zabor bilketa osorik mankomunatzearekin batera baliabideak optimizatu egingo dira eta zerbitzu bera eskainiko da eskualde osoan; hondakinak gaika sailkatzeko indizea igotzea ahalbideratuko du; errefusa gutxitzearekin tratamendu kostuak murriztu egingo dira; herritarrek 24 orduz eskura izango dituzte edukiontzi guztiak; merkatari, ostalari eta enpresek zerbitzu hobea jasoko dute; edota, landa eremuan birziklatzeko aukerak biderkatuko dira. Zerbitzu berriak erraztasunak emango ditu eta erraztasun horiei esker, eta herritarren inplikazioarekin, sistema berriarekin birziklatze tasa handitu nahi da. Helburuak argiak dira, gaur egungo % 40ko birziklatze tasatik 2020an % 75eko tasara iristea. Udal Elkarteak aurreratu duenez, otsailaren 1etik aurrera bilketa zerbitzua FCC-Zerbitzu enpresek osatutako UTE-ak egingo du.

Bagoazz

Sistema berriaren xehetasunak emateaz gain, ezarpen fasea indartzeko komunikazio kanpaina aurkeztu du Udal Elkarteak. Lau fase izango ditu zabor bilketa sistema berriaren ezarpenak. Sentsibilizazioa: dagoeneko martxan jarri dena eta abenduaren 1a bitartean luzatuko dena; informazioa: abenduaren 1etik urtarrilaren 22ra; ezarpena: urtarrilaren 22tik otsailaren 1era arte; eta azkenik, jarraipen fasea: otsailaren 1etik aurrera.

Aste honetatik aurrera abian jarri den sentsibilizazio kanpainarako Bagoazz marka sortu da. Bagoazz terminoak bailara eraikitzen duten herri guztiei egiten die erreferen-tzia: Getaria, Orio, Aia, Zarautz eta Zumaia. Guztiak bide berean elkar-tzeko deiaren erakusle da, eta horretarako norabide bakarra adierazten duen koloretako geziak irudikatzen du. Bost kolorez osatutako gezia da, eta aukeratutako koloreek herri bakoitzaren kolorea irudikatzen dute: marroia (Getaria), horia (Orio), berdea (Aia), urdina (Zarautz) eta gorria (Zumaia).

Era berean, hondakinak biltzeko tasa areagotzeko aukera bakarra guztiok norabide berean joatea dela adierazten du. Horixe egin dute, hain zuzen, Udal Elkarteak eta Udal Elkarteko bost herriek ingurumenaren, herritarren eta udalerrien mesedetan.

Sentsibilizazio kanpaina 'modernizatu' hitzaren lelopean jarri da martxan, egungo birziklatze tasa handitzearen guztion bete beharra dela adierazteko, eta bestelako jarrerak beste garai batekoak direla nabarmentzeko. Karteletan pertsonek hartu dute protagonismoa, pertsonok (gutako bakoitzak) baitugu hazkundearen giltza. Gizabanako horiek herritarrei modernizatzeko deia egiten diete, hondakinak egoki sailkatzera bultzatuta. Karteletako protagonistak modernizatu dira, Bagoazz markarekin bat egin dute eta hori irudikatzen dute soinean daramatzaten Bagoazz markaren koloreko betaurrekoek, ileak edota makillajeak. Norabide beretik joateko deia egiten zaie.

Sentsibilizazio kanpainarekin pertsonek hondakinekin egunerokoan egiten ditugun ekintza eta jarduera ezberdinen inguruan hausnartzera bultzatu nahi dira, eta bide batez, eskualdeak martxan jarri behar duela Gipuzkoako beste eskualde aurreratuenen pare edo aurreratuago jarrita.

Fotos

Vídeos