Hiru upeltegiren ateak zabalik Kosta Gastronomika jardunaldien baitan

Txakolina. Getariako enbaxadore izango da asteburuan. / AMAXKAR

JUAN MARI ZUBIAURRE GETARIA.

Getariako hiru upeltegiren ateak zabalik egongo dira bihartik igandera bitartean Urola Kostako Udal Elkarteak antolatu dituen Kosta Gastronomikako jardunaldien baitan.

Kosta Gastronomikaren eskaintza gure eskualdeak gastronomiaren arloan duen aberastasunean oinarritzen da, mundu zabalean aitortutako ospea duten eta goi mailako kalitatea duten produktuak enbaxadoretzat hartuta. Eskualdeak enbaxadore nagusi bat du, parrilla, eta herri bakoitzak berea: Getariak txakolina, Oriok bisigua, Zarautzek merkatua, Aiak gazta eta Zumaiak Flyscheko olagarroa.

Getarian, upeltegia eta mahastiak ikusi eta beren eguneroko jarduna ezagutzeko aukera izango da. Bisita berezia eta gertukoa. Eta, nola ez, dastatzeko pintxoak eta txakolina.

Bisitaldiak goizeko 11:00etatik 13:00etara egingo dira ostiral, larunbat eta igandean. Prezioa pertsonako 15 eurokoa izango da. Informazioa eta erreserbak Getariako Turismo Bulegoan, 943140 957 telefono zenbakira deituz. Aurrez erreserba egin behar da.

Jardunaldien barne bestelako ekintzak ere antolatu dira. Orion adibidez, bisigua Orioko estilora prestatzeko sekretu guztiak ezagutu ahal izango dira bertako erretegietako sukaldari maisuen eskutik. Bihar 13:00etatik 14:00etara burutuko da ekimena eta prezioa pertsonako 25 eurokoa izango da. Informazioa eta erreserbak Orioko Turismo Bulegoan, 943835565 telefono zenbakian. Aurrez erreserba egin behar da hemen ere.

Zumaian, berriz, ibilaldia proposatzen dute Geoparkeko itsaslabar eta bidezidorretan eta flyscheko olagarroa harrapatzeko antzinako era eta sukaldatzeko modua ezagutzeko aukera. Larunbatean, 11:00etatik 12:30era. Prezioa pertsonako 15 euro. Erreserbak: www.geoparkea.com, Zumaiako Turismo Bulegoa, 943 143 396, erreserba egin behar da.

Fotos

Vídeos