Hilerrian kokatuko den beilatokiko lanek aurrera jarraitzen dute

Lanak aurreratuta. Irudian ikus daitekeen bezala itxura hartzen hasi da hilerriko beilatokia. /  AMAXKAR
Lanak aurreratuta. Irudian ikus daitekeen bezala itxura hartzen hasi da hilerriko beilatokia. / AMAXKAR

Hileta zibilen ordenantza egiteko prozesuak herritarren partaidetza izango du

JUAN MARI ZUBIAURRE GETARIA.

Beilatokia egiteko lanak bete-betean hasita daude. Udaletik gogoratzen duten bezala, «proiektua aurkeztu zenean, argi geratu zen herritarrek beilatoki-zerbitzua egoki ikusten zutela, betiere hasierako kokapena aldatuta. Horrenbestez, kokapen berria zehaztu eta proiektua berritu ondoren, jada lanean hasita daude». Ondoko argazkiak esandakoaren lekuko dira noski.

Hilerriaren atariko lurretan kokatuko da beilatokia. Proiektu berrian zenbait hobekuntza egin dira; hala, 70 m2-ko azaleran, bi itxarongela eta hildakoentzako kapera egongo dira. Kokapena aldatzearen ondorioz, kokapen berriko lurretan zenbait azterketa egin behar izan dira, lurraren egonkortasuna eta segurtasuna bermatzeko.

Horrek guztiak, bai eta egindako hobekuntzek ere, kostua handitzea eragin dute. Beilatokia eraikitzeko lanak Erosotegi eraikuntza-enpresa egiten ari da eta hiru bat hilabete iraungo dute. Esleipena 132.180,42 eurokoa izan da.

Diru-laguntza kendu

Bestalde, Udalak jakitera zera eman du «hasiera batean onartutako diru-laguntza atzera bota du Eusko Jaurlaritzak, lekua aldatu dela argudiatuz. Erabaki horren aurrean, gure desadostasuna agertu dugu, beste zenbait proiektutan (igogailuan eta Balentziaga kaleko aparkalekuetan, esate baterako) leku-aldaketak ez baitzuen ondoriorik izan aurrez onarturiko diru-laguntzetan. Beraz, ahaleginean jarraituko dugu erabakia alda dezaten».

Hala eta guztiz ere, «azken urteetako kudeaketa onari esker, Udaleko gerakinean nahikoa diru dago horrelako proiektuak aurrera eraman ahal izateko (inolako krediturik eskatu beharrik gabe), eta, beraz, herriarentzat zerbitzu onuragarria izanik, proiektuarekin aurrera egitea erabaki dugu».

Hileta zibilak

Gainera, Udaletik azpimarratu dutenez «beilatokiak beste aukera bat ere emango du, leku aproposa baita hileta zibilak egiteko. Eta gure iritziz, aurrerantzean oso baliagarria izango da herrian horretarako leku egoki bat izatea. Horrekin lotuta, eta herritarren parte-hartzeari bide emanez, hileta zibilen ordenantza egiteko prozesua abian jarriko dugu eta getariarren laguntza ezinbestekoa izango da».

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos