Hilaren 16an inauguratuko du Udalak hilerri berriko Errautsen Parkea

Lur jausia izan zen ostiralean Kaparotz eta Zumitza artean. /  J.A.
Lur jausia izan zen ostiralean Kaparotz eta Zumitza artean. / J.A.

JOSU ARANBERRI USURBIL.

Amaitu ditu Udalak hilerri berriko Errautsen Parkea egokitzeko lanak, eta abenduaren 16an, larunbatarekin, inauguratuko du. Ekitaldia 13:00etan hasiko da, eta herritarrei gerturatzeko deia luzatu nahi die Udalak. Toki atsegina eta polita geratu da, eta herritarrei tokiaz gozatzeko aukera eman nahi die. Ekitaldiaren ostean mokadu txiki bat egiteko aukera izango da.

Abenduaren 16an inauguratuko bada ere, oraindik ez dago egongo erabilgarri. Errautsen Parkea eraikitzeak 2007az geroztik Udalak indarrean zuen hilerriaren erregimen eta funtzionamendu araudia aldatzea ekarri du. Hain zuzen, atzoko udalbatza saioan onartu zen gehiengo osoz araudi aldaketa hasieraz, EH Bildu eta PSEren aldeko botoekin. EAJ abstenitu egin zen. Araudi hori jendaurrean jarriko da orain 30 egunez, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita. Tarte horretan erreklamaziorik aurkeztuko ez balitz, ordenantza aldaketa hori behin betiko onartutzat emango da. Hala, urte hasieran erabilgarri egon daitekeela uste du Jone Urdanpilleta zinegotziak.

120.000 euro bideratu ditu Udalak hilerri berria handitu eta Errautsen Parkea egiteko. Hilerri berriaren handitzeak zerikusi zuzena du hilerri zaharraren itxiera prozesuarekin. Hilerri zaharra husten aritu da azken hilabeteetan Udala. Ez da erraza izan prozesua. Nahi baino mantsoago joan da. Ia 800 gorpu zeuden lurperatuta, eta Udala senide guztiekin jarri da harremanetan banan bana, gorpuak atera zitzaten eskatuz. 240 gorpu atera dituzte senitartekoek. Oraindik, ordea, 500 gorpu inguru daude hilerri zaharrean, eta hilotz horiek Udalaren gain gelditu dira, familiartekoek eskatu ez dituztenak, hain zuzen ere. Hilotz horiek erraustu egingo dituzte, eta ondoren Errautsen Parkean utziko dituzte, modu anonimoan. Edozein kasu, erabilera ez da horretara mugatuko. Izan ere, aurrerantzean gorpuak erraustu eta errautsak han, modu anonimoan, zabaldu nahi dituzten usurbildarrek ere erabili ahal izango dute gune hori. Bestalde, kolunbarioetan dauden errautsak, behin 10 urteko epea amaituta, han utziko dira ere.

Errautsen parkean, gainera, hileta edo omenaldi zibilak modu irekian egiteko aukera izango da. Hain zuzen, horixe da atzoko ordenantza aldaketan txertatu den beste hobekuntzetako bat. Izan ere, aldatu egin du Udalak hileta zibilak egiteko 2010ean onarturiko ordenantza. Hala, urtarriletik aurrera hileta edo omenaldi zibilak gune gehiagotan eta ordutegi zabalagoan antolatzeko aukera izango da. Orain arte hilerri berriko tanatorioan edota Askatasuna plazan antola zitezkeen. Aurrerantzean, ordea, Sutegiko auditorioan eta Errautsen Parkean ere izango da horretarako aukera, honako egun eta ordutegian: astelehenetik larunbatera, 11:00etatik 13:00etara, eta 18:00etatik 20:00etara.

Elurraren ondorioak

Bestalde, elurraren ondorioz errepide zati batzuk moztu zituzten atzo. Kaparotz eta Zumitza baserria arteko bidean lur-jausiak izan dira, eta udaleko langileek bidea garbitu badute ere, astelehenera arte itxita utziko dute badaezpada ere, berriz gertatzeko arriskua egon badagoelako. Horregatik, hango bizilagunek Iarbetik barrena atera beharko dute. Bestalde, hilerri berritik Arratzain arteko bidea ere itxi egin dute, oso bide labainkorra delako eta arriskutsu dagoelako.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos