Herri-antolamenduaz hausnartzeko lan taldea osatu nahi dute Aginagan

Aginagan aurrekontuen inguruan udal gobernuak egin zuen bilera. /
Aginagan aurrekontuen inguruan udal gobernuak egin zuen bilera.

Udala orain ari da datozen 10-15 urterako jasoko duen Hiri-Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) idazten

JOSU ARANBERRI USURBIL.

Udalak hilaren 12rako, asteartez, bilera ireki baterako deia egin du Aginagan. Udal gobernuak 2018ko aurrekontuak aurkezteko Aginagan egindako bileran parte hartu zutenek, bai Udalak bai aginagarrek, komenigarria ikusi zuten Aginagaren herri-antolamenduaz aritzeko lan talde finko bat osatzea. Hain justu, Udala orain ari da Hiri-Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) idazten. Dokumentu horrek jasoko du datozen 10-15 urterako dugun herri-ikuskera, besteak beste, nola antolatuko dugun espazio publikoa, zer erabilera emango diogun, nola mugituko garen batetik bestera, zer arau errespetatu beharko ditugun... Eta orain da une egokia, Udalaren iritziz, Aginagarako dauden asmo eta proposamenak biltzeko, dokumentu horretan txertatu ahal izateko. Eskutik eskura, eta elkarlanean.

Lantalde hori, edozein modutan ere, ez du hutsetik abiatuko bere ekinbidea. Izan ere, iazko legealdian HAPOa osatzeko parte hartze prozesu bat egin zen, eta, horren ondotik egin da aurten mugikortasun-plana osatzeko beste parte hartze prozesu bat ere. Horiek kontuan hartuta abiatuko da lan talde hori, guztien artean etorkizuneko Aginaga nola antolatu behar den adosteko.

Bokazio horrekin sortu nahi du lantaldea udal gobernuak, eta horretarako konpromisoa hartzen du. Lantaldean honako hauek hartuko lukete parte: aginagarren ordezkariek, Jone Miner udal-arkitektoak eta Xabier Arregi alkateak.

Hain zuzen, abenduaren 12ko bileran, lantalde horri forma eman nahi zaio, eta honako gai hauek landuko dira: lan taldearen helburua zehaztu, lan-metodologia eta lan-kronograma adostu, eta lantaldeko kideak erabaki.

«Ez dugu dudarik, elkarrekin lan eginez eta ados jarriz, lan handia eta emankorra egin dezakegula. Udal-gobernu honek garrantzi handia ematen dio lanketa honi. Bidea eginez egiten baita, eta elkarrekin, askoz hobe. Udala eta herritarrak elkar hartuta», azpimarratu du Xabier Arregi alkateak.

Bilera, beraz, hilaren 12an izango da, 18:00etan, ludotekan.

Sexismoa ez oparitzeko gida

Usurbil, Hernani, Andoain eta Astigarreko udalek 'Sexismoa ez opari-tzeko' gida kaleratu dute, Eguberrien atarian. Egun hauetan banatu da herriko ikastetxeetan, nagusiki, gurasoei zuzenduta. Gida horrek mezu argia igortzen du: jostailu eta jolasak aukeratzeko garaian kontuan hartu behar dira haurren nahiak eta gustuak, baina modu kritikoan. Hala, aukeraketa horretan aholkatzen du generoaren ikusmolde estereotipatua eta ez sexista transmitzen dituzten jolasak aukeratzea, hau da, haurren jokabidea haien generoaren araberakoa izatea bultzatzen ez duten jostailu eta ipuinak, hain zuzen ere. Izan ere, egungo haurrak dira etorkizuneko jendartea osatuko dutenak.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos