IV. Herri azoka antolatzeko deialdi zabala

Astelehenetik ostiralera bitartean 2. Eskuko Azokako bilketa egingo da, zinema zaharrean

K. ARRIZABALAGA ZESTOA.

Aurtengoan ere Herri Azoka izango da, laugarrena izango delarik hau. Antolatzaileen esanetan, 'Herri' izaera izatekotan, ordea, herriko beste talde eta eragileei irekia behar duela pentsatzen dugu: artisauak, baserritarrak, bertako ekoizleak, herriko kultur taldeak, gai sozialak lantzen dituzten taldeak, artea egiten dutenak... denok koloreztatzen baitugu Zestoa».

Herriko dinamika ezberdinen erakusleiho izan nahi du azokak, elkargune eta topaleku. Hori lortu asmoz hainbat ekimen proposatu nahi dituzte aurtengoan eta edonork duen proposamen edo ideiari ere bide eman nahi diote. «Eskuartean duzuen hori herriratzeko aukera izan nahi du azokak; gurea herri txikia izanik, elkarlanean emaitza hobeak lortzen ditugula sinetsita baikaude» diote.

Azkenik, «norbanakooi ere deialdia luzatu nahi dizuegu, antolakuntza lanetan esku bat botatzeko prest dauden herritarren laguntza eskertuz» diote antolatzaileek.

Mahai ingurua

IV. Herri Azoka honen baitan, datorren asteazkenean mahai-inguru berezia antolatu da. Gure txikitasunean boluntariotza lanak duen garrantziaz eta elkarte/talde ezberdinetako esperientzietatik abiatuz gogoeta zabalagoa egin asmo dugu bertan. Horrela, 19:00etan jubilatuen tabernan ospatuko den mahai inguru honetan, hainbat urteetan lan isila eginez boluntario lanean aritzen diren honako lau herritarrek bere esperientziak aurkeztuko dizkigute: Esti Zabala, Juani Zunzunegi, M.J. Etxeberria eta Xanti Ugarte.

Bestalde, astelehenetik ostiralera bitartean 2. Eskuko Azokako bilketa egingo da. Beraz, etxean erabiltzen ez ditugun arropa, jostailu edo edozein tresna egoera onean izanez gero, eta hau elikagai bankuko lagunei donatu nahi baduzue, zinema zaharrera jo dezakezue, 18:00etatik 20:00ak bitartean.

Herri artekoa paletaz

Kiroldegiko frontoia itxita dugula medio, aurtengoan herri arteko txapelketan eskuzko modalitatean Zestoak talderik ez ateratzea erabaki zuen. Hala ere, herramenta modalitatean, palaz, taldea osatu dute eta lehiatzera animatu ere bai, Itziarko frontoia utzi bai diote horretarako.

Ostiral gauean jokatu zuten lehenengo jardunaldia, Itziarren, eta arerio Donostia zela kontutan hartuta nahiko paper ona beste zutela esan beha, hiru partidak galdu arren. Gero, amaieran, denak elkarrekin afaria izan zuten Gure Txokoa elkartean, lehia eta adiskidetasuna uztartzen baititu txapelketa honek.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos