Herniok badu bere mapa turistikoa

Alkateak eta turismo arduradunak mapa berriarekin. /
Alkateak eta turismo arduradunak mapa berriarekin.

Gipuzkoa lurralde osoan turismoa zabaltzeko ideiarekin osatu da euskarria, 'San Sebastian Region' estrategia turistikoa jarraituz

YARZA ERREZIL.

Gipuzkoako erdialdean, zortzi herrietako lurrak lotzen ditu Hernio mendiak. Tradizio handiko lurra izanik, Tolosaldea, Urola Erdia eta Urola Kosta eskualdeek elkarlanean Hernioko mapa turistikoa sortu dute. Mendikatearen aisialdiko ikuspegia balorean jartzea da helburua, tradizio anitz biltzen dituena eta balore natural eta paisajistiko ugari dituena

Euskarri grafikoan egin da mapa eta atzo aurkeztu zuten Olatz Peon Tolosaldea Garatzeneko lehendakariak eta Tolosako alkateak, Eneko Etxeberria Bereziartua Iraurgi Berritzeneko lehendakariak eta Azpeitiako alkateak, Severo M. Agirretxe Errezilgo alkateak, Olatz Ilarregi Tolosaldea Garatzeneko turismo sail arduradunak, Jesus Mujika Iraurgi Berritzeneko turismo koordinatzaileak eta Xabier Eleizegi Uranga Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Zuzendaritzako teknikari arduradunak Zelatunen, Hernioren magalean, egin zuten ekitaldian.

Azaldu zutenez Gipuzkoa lurralde osoan turismoa zabaltzeko ideiarekin osatu da euskarria, 'San Sebastian Region' estrategia turistikoa jarraituz. Honekin batera, turismoa eskualdeko muga administratiboen gainetik dagoela ulertuz, Herniora igo nahi duten turistei ahalik eta erraztasun gehien ematea du helburu. Oraingoz bi bertsio argitaratu dira, bata euskaraz eta gazteleraz, 7.000 alekoa eta bestea ingelesez eta frantsesez, 3.000 alekoa.

Hernio eta inguratzen dituen lurraldea airetiko ikuspegitik margotuta aurkezten ditu mapa berriak, kostaldetik hasi eta probintziaren barnealderaino bere magalean dauden lurraldeak barne hartuz. Horrela, Albizturtik hasi eta Aiaraino, herri guztiak ageri dira, mendi tontorra bereziki nabarmentzen delarik erdian.

Gainera, Hernio-Gazume Kontserbazio Bereziko Eremuko herriak ere bereziki nabarmendu dira, baita Hernio tontorrerako dauden ibilbideak eta mendi probak ere. Mendizale ez direnak ere kontuan izan dira Tolosa-Loiola eta Asteasu-Aia bezalako errepide paisajistikoak kokatuz.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos