Hemeretzigarrenez Erle Eguna igandean Usurbilen

Iazko ezti lehiaketan sariak eskuratu zituzten erleizanak. /  ARANBERRI
Iazko ezti lehiaketan sariak eskuratu zituzten erleizanak. / ARANBERRI

Ezti eta gozogintza txapelketekin batera, salmenta postuak eta bildomena nola egin ere erakutsiko dute goizean zehar frontoi inguruan

JOSU ARANBERRI USURBIL.

Erle Lagunak elkarteak antolatuta, erleari eta eztiari eskainitako festa izango da igandean Usurbilen: Erle Eguna. Azaroaren amaiera iristearekin batera erleak protagonista nagusiak izango dira igandean, baina aurretik ere beste ekimen bat izango da. Izan ere, gaur arratsaldeko 19.30etan hasita Angelo Jimenez, apiterapeutaren hitzaldia izango da Potxoenean.

Erle Egunari dagokionez, berriz, hemeretzigarren edizioa izango da aurtengoa eta ohiko moduan egitarau zabalarekin etorriko da. Hala, ezti eta gozogintza txapelketekin batera, salmenta postuak eta bildomena nola egin ere erakutsiko dute goizean zehar frontoi inguruan. Baita haurrek egindako marrazki lehiaketa ere. Ohikoa den bezala erle-produktuak egongo dira, batez ere, salgai postuetan, hala nola, eztiak, ukenduak eta gozogintza produktuak.

Aukera zabala

Goizeko 11:00etan hasiko da azoka, salmenta postuen irekierarekin. Ordu berean zabalduko da baita ere erakusketa. Bertan izango dira ikusgai erleak, eztiak, ontziratzeko prozesua... Marrazki lehiaketa ere jarriko da abian eta Sutegin bideoak proiektatuko dira.

Ezti lehiaketan parte hartu nahi duten guztiek, dena dela, goizeko 9:00etatik 10:00etara aurkeztu beharko dituzte frontoian euren ezti potoak. Gauza bera egin beharko dute eztia osagaitzat duten postreak gozogintza lehiaketara aurkeztu nahi dituztenek ere. Edozein herritarrek parte hartu dezake lehiaketa honetan eta etxean prestatutako postreak ezinbestean eztia izan beharko du.

Goizean zehar, bildomena nola egiten den ikusteko aukera izango da eta ezti ura ere banatuko dute. Horrekin batera buruhandiak eta erraldoiak ere inguruan ibiliko dira.

Arratsaldeko 13:30ean hasiko da lehiaketa ezberdinetako sari banaketa. Marrazki lehiaketako, gozogintza lehiaketako eta ezti lehiaketetako irabazleak ezagutaraziko dituzte bertan eta ohikoa den bezala erleak ekarriko ditu ezti lehiaketako irabazleen txapelak.

Ezti Lehiaketan irabazleak suertatzen diren eztiekin, errifak salgai izango dira eta zozketa eguerdian egingo da. Iazko lehiaketan Zeraingo Beñat Elorzak eskuratu zuen txapela ezti ilunetan, Patxi Franko andoaindarraren eztia izan zen onena epaimahaiaren iritziz ezti argien sailean eta Belauntzako Ramon Lopetegirentzat izan zen mila-lore ezti lehiaketako txapela.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos