Hazilan Programan parte hartzeko aukera 20-44 urte bitarteko lagunentzat

Hazilan-ek metodologia berritzailea proposatzen du, pertsonalizatua. /  IRAURGI
Hazilan-ek metodologia berritzailea proposatzen du, pertsonalizatua. / IRAURGI

Hazilan-ek metodologia berritzailea proposatzen du hirugarren edizio honetan, ibilbide pertsonalizatu batean oinarritua

K. ARRIZABALAGA ZESTOA.

Urola Erdia eskualdean (Zestoa, Azpeitia, Azkoitia, ...), Iraurgi Berritzen Garapen eta Berrikuntza Agentzia da Hazilan programa garatzen duena, urtero 15-20 gazte 20-44 urte bitartekoak laneratzeko helburuarekin.

Hazilanen lanak eskualdeko enpresen benetako premiak ditu abiapuntu. Urte hauetan garapen-agentziek egiaztatu dutenez, enpresek pertsona ekintzaile eta sortzaileak behar eta eskatzen dituzte, laguntza beharrik ez duten pertsonak, komunikatzen eta taldean lan egiten dakitenak eta beren zereginak espero diren helburu eta emaitzen arabera kudeatzeko gauza direnak.

Aipatutako konpetentzia eta gaitasun horiek guztiak ezinbestekoak dira, baina askotan ez dira ikastetxe bateko ikasgeletan eskuratzen. Hazilan programak konpetentzia horiek jasotzeko bidea erraztu nahi du, lan-eremuko esperientzia zehatz baten bidez, edo enpresak garatu nahi duen proiektuarekin uztartuz.

Honek metodologia berritzailea proposatzen du, ibilbide pertsonalizatu batean oinarritua, eta parte-hartzaileen ezaugarri pertsonaletara eta enpresek eskatutako proiektu profesionaletara egokitua. Proiektua zenbait baliabidetan oinarritzen da. Lehen fase batean, pertsonen aktibazioa bilatzen da, eta jarraian, proiektuaren arabera, ikasketa espezializatuak egiten dira, praktikak gauzatzen dira, edo enpresa-proiektuetan parte hartzen da.

Programan parte hartu nahi duten enpresa edo pertsona guztiek webgunean lor dezakete nahi duten informazio guztia: www.hazilan.eus edota Iraurgi Berritzeneko 943851100 telefonoan Sandra Fernandez-engatik galdetuz.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos