Hainbat ekintza antolatu dira Polentzi Markiegi omentzeko

ANDER SALEGI DEBA.

Markiegi plataformak, Debako eta Itziarreko auzo Udalaren babesarekin, Polentzi Markiegi alkate ohiari omenaldia egiteko hainbat ekintza prestatu ditu. Egitarauaren egun handiena azkenekoa izango da, urriaren 15a, jardunaldi honetan beteko baita bere fusilamentuaren 80. urteurrena.

Polentzi Markiegi 1937ko urriaren 15ean frankisten eskuetan fusilatua izan zen Santoñako Barriako hondartzan, beste hiru lagunekin batera. Momentu horretan bera Debako alkatea zen. Gaur egun herri honetan Polentzi Markiegi nor zen galdetzen badugu, herritar askok ez dute erantzunik emateko gaitasunik, kasu askotan iragana galdu baita.

Bihar, Debako udaletxean plenario berezia egingo da arratsaldeko zazpietatik aurrera, Polentzi Markiegi, fusilatu eta errepresaliatu guztiei omenaldia egingo zaie. Baita ere,1937ko zinegotzi eta udal langileei. Hitzaldiak ere antolatu dira. Lehenengoa ostegunean izango da 18:30ean, Agirre Jauregiko Ispilu gelan. Larunbatean, ekintza interesgarri bat antolatu dute. Gurs (Frantzia) kanpamendura bisita. Josu Chueca EHUko Historia irakaslearen gidaritzapean egun osorako txangoa antolatu dute. Txistulariak eta dantzariak joango dira eta bertan Agurra, loreak eta omenaldia egingo da. Autobusa (dohainik) 8:15etan aterako da eta bakoitzak bere bazkaria eraman beharko du. Izena emateko kontaktua hau da: 626710441. Hurrengo egunean, Debako Santa Maria elizan Meza Nagusia egongo da eta ondoren kanposantuan lore eskaintza eta agurra.

Datorren asterako, hitzaldi bat izango da Itziarko Burugorri gainean. Hilaren 15ean ekintza instituzional bat egingo da.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos