Gure Txeruren eskutik ekimen ugari izango dira datozen egunetan

Getariarrak dantzan. /  AMAXKAR
Getariarrak dantzan. / AMAXKAR

JUAN MARI ZUBIAURRE GETARIA.

Gure Txeru elkarteak proposamen ezberdinak luzatzen dizkie herritarrei ondorengo egunetarako. Alde batetik odola emateko aukera eskaintzen du ostegunean. Ulpiano Etxean egingo da beti bezala arratsaldeko 19:00etan hasita. Emaile izan nahi duten guztiak ongietorriak izango dira bertan. 18 eta 65 urte artean badituzu eta odola eman nahi baduzu, bete behar diren gomendioak Gure Txeruk berak azaltzen dizkizu deialdiarekin batera eta honako hauek dira; odola eman aurreko hiru orduetan koipe gutxiko jakiak hartzea eta botikaren bat hartzen ari bazara, odola emateko lekura eraman eta medikuarekin kontsultatu.

Beste alde batetik Txeruk dantza ikastaro bat antolatu du. Ikastaro honetan parte hartzeko lehendik ez da ezertxo ere jakin behar, hau da, hastapen ikastaroa izango da, jende berria erakartzeko asmoarekin prestatutakoa. Adin guztietako pertsonei zuzendua dago, haur, gazte eta heldu. Baldintza bakarra dantza egiten ikastek gogoa izatea da. Ikastaroak fandango, arin arin eta aurreskuaren lehen urratsak ikasteko izango dira. Baina erne zeren izena emateko epea bihar amaitzen da. Harritartera jo besterik ez da egin behar. Ikastaroa emango den eguna ostirala izango da, arratsaldez. Otsailaren erdialdean hasi eta maiatzera arte luzatuko da. Kuota oraindik zehaztu gabe dago. Izena eman eta jende kopurua ezagututakoan erabakiko dira taldek nola osatu eta hauen ordutegiak zeintzuk izango diren.

Azkenik ostiral honetan, hilak 16, VIII. Floren Memoriala futbito txapelketa abian jarriko du Gure Txeruk. Lau partida jokatuko dira arratsaldeko 20:00etan hasita herriko frontoian.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos