Gorka Zenekortak ezin izan zuen lehen kanporaketa gainditu Bankoa-DV pilota txapelketan, Getarian

Aurkezpena. Partida hasi aurretik lau pilotarian ikusleen aurrean azaldu ziren Sahatsaga pilotalekuan./
Aurkezpena. Partida hasi aurretik lau pilotarian ikusleen aurrean azaldu ziren Sahatsaga pilotalekuan.

Aurrekoetxearekin osatu zuen bikotea getariarrak eta 22-6 galdu zuten Osa eta Apezetxearen aurka Sahatsaga pilotalekuan

JUAN MARI ZUBIAURRE GETARIA.

Gorka Zenekorta getariar atzelariaren ibilbidea hasi eta bukatu egin zen joan den larunbatean Sahatsagan jokatutako pilota kanporaketan. Bankoa Credit Agricole-EL DIARIO VASCO pilota torneoak bere 26. edizioa hirugarren urtez jarraian Getarian abiatu zuen eta herritar baten presentziarekin.

Etorkizuneko pilotariak dira maila honetan lanean aritzen direnak eta Aurrekoetxea eta Zenekortak erakutsi zuten pilotan badakitela baina arerioak, Osa urnietarra eta Apezetxea goizuetarrak erakutsi zuten jotzen gehiago direla eta gehienetan euren indarra nagusitu zen.

Dena den markagailuak amaieran erakusten duen aldea ez zen benetakoa izan partidan zehar. Tantoak borrokatuak izan ziren, pilotakada askokoak nahiz gehienetan Zenekorta eta baita Aurrekoetxea ere menpean izan garaile atera ziren bikotearen eskutan.

Partidak 40 minutuko iraupena izan zuen eta hasieratik zuloa egiten joan ziren gero irabazle izango zirenak. Banakako berdinketa ondoren, 6 eta 1eko diferentzia lortu zuten Osa eta Apezetxeak baina berriro erantzun egokia eman eta 6-3 eta 7-4 jartzea lortu zuten Aurrekoetxea eta Zenekortak. Baina hortik aurrera partidako minutu erabakigarrienak etorriko ziren. 17 eta 4ko diferentzia jarri zuten tanto borrokatu askoren ondoren eta gauzak horrela bikoteen jarrera ere asko aldatu zen. Aurretik zihoazenak konfiantzaz jokatzen zuten eta atzetik zeudenak joko zaparradari nola erantzun besterik ez zuten buruan.

Azkenean 22 eta 6 amaitu zen partida eta Gorkarentzat oso baliagarria izan daiteken ikasketa jaso zuen etxeko frontoian. Dena den txapelketa honetan bigarren pilotari bat izango du Getariak, Gorka Aristi, Mariezkurrena, Iruñako atzelariarekin bikotea osatuz.

Bestalde eta pilota zaletasuna bultzatzen jarraituz, Gure Txeru Elkarteak deialdia egin die pilota ikasten hasi nahi duten neska eta mutilei. Gaur irailak 19 arratsaldeko 16:30etatik 17:30etara Sahatsaga pilotalekura azaldu besterik ez dute kirol honetan ibili nahi dutenak. Sei eta hamabi urte bitarteko neskak eta mutilak bertaratu eta izen eman beharko dute.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos