Giro ezin hobea Santixabel jaiak ixteko

Erraldoiak. Herrikoekin batera, Zizurkil eta Añorgako buruhandi eta erraldoiak izan ziren dantzan. / ARANBERRI
Erraldoiak. Herrikoekin batera, Zizurkil eta Añorgako buruhandi eta erraldoiak izan ziren dantzan. / ARANBERRI

Erraldoi eta buruhandien topaketak eta soka dantzak ikusle ugari erakarri zituztenLau egunez herriko festetako zaindari izan diren maskotak erre zituzten atzokoan usurbildarrek

JOSU ARANBERRI USURBIL.

Santixabel eguna ospatuaz amaitu zituzten atzo usurbildarrek herriko festak. Ostegunean hasi ziren jaiak eta atzokoan amaiera ezin hobea eman zieten, euriaren agerpenik gabe, gainera. Izan ere, bai goizean eta bai arratsaldean ekitaldi ugari izan ziren bertako kaleetan.

Goizean goizetik, gainera. Gaupaseroak Eonian elektrotxarangarekin dantzan eta kantari ibili ziren esnadei aurreratu batean txistularien ohikoaren aurretik. 11.00etatik aurrera, berriz, ikusmin handia sortu zuen erraldoi eta buruhandien II. Topaketak. Atzokoan, herriko erraldoi eta buruhandiez gain, Zizurkil eta Añorgakoak ere bertan izan ziren. Herriko kaleetan zehar ibili ostean kaxkoan eskaini zituzten azken koreografiak. Bien bitartean, zanpantzarrak ere hara eta hona ibili ziren goizean zehar.

Soka dantzak herritar ugari erakarri zituen udaletxe aurrera. Gure Esku Dagoko kideak izan ziren alkate nahiz zinegotzi batzurekin batera dantza eskaini zutenak. Ondoren salda eta lore banaketa ere izan zen. Herri kirolek ere bere tartea izan zuten. Gipuzkoako Bigarren Mailako aizkolarien finala jokatu zen eta Joseba Otaegi izan zen irabazlea.

Arratsaldean ere, ekimen ugari izan ziren. Mux txapelketa eta paella lehiaketa, esku pilota txapelketako finalak, elektrotxaranga... gauean lau egun hauetan Usurbilgo Santixabel jaietako zaindari izan diren maskotak erre zituzten arte.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos