Giro bikainarekin hasi dira santixabelak

Hurbilago elkarteko kideek bota zuten txupinazoa. / ARGAZKIAK J.A.

Gaur Umeen Eguna izango da hauei zuzenduriko ekitaldi ugarirekin

JOSU ARANBERRI USURBIL.

Hasi dira Santixabel jaiak. Eguraldiak askorik lagundu ez arren giro onean joan zen festei hasiera ofiziala eman zien ekitaldia eta Hurbilako elkarteko kideak izan ziren txupinazoa bota eta ikurrina igotzeko ohorea izan zutenak. Dantza giroan, txaranga doinuekin... giro polita izan zen bertan. Goizean goiz nabaritu zuten herritarrek festen hasiera gainean genuela. Goizeko 6:00etan bildu ziren oilasko biltzaileak frontoi inguruan eta hortik aurrera suzirien hotsak ez zuen etenik izan, baserriz baserri oilasko biltzen ibili ostean bazkaltzera herrira jaitsi ziren arte.

Bien bitartean, frontoi eta Dema plazan, haur eta gaztetxoek ere jolaserako aukera izan zuten, puzgarri eta kart-ekin. Eta nola ez, zaindaria ere izan zuten hauek, atzo goizean jarri baitzuten aurtengo maskota edo maskotak hobe esanda Sutegi gainean.

Arratsaldean, berriz, marrazkigintzan murgiltzeko aukera izan zuten herriko haurrek. 'Zein da zuretzat Usurbilgo zuhaitzik ederrena?'gaitzat hartuta, 15. pintura lehiaketa ospatu zen eta marrazki ugari egin zituzten herriko txikienek. Txupinazoaren ondoren, berriz, frontoian santixabeletako urteroko emanaldia eskaini zuten Orbeldi Dantza Taldekoek. Haur, gazte eta heldu, dantza desberdinak aurkeztu zituzten.

Gauean ere ez zen festa girorik falta izan. Amaia Agirre, Amets Arzallus, Etxahun Lekue eta Igor Elortza izan ziren bertsotan frontoian eta ondoren bertsio gaua burutu zen txosna gunean.

Gaur ere jarraipena izango du festak. Umeen Eguna izango da eta hauek ekintza ugari izango dituzte egunean zehar. Artzabalen toka txapelketa izango da goizean eta igel jokoa arratsladean eta musikak ere bere tartea izango du gauean. Laiotz taldea izango da frontoian 23:00etan eta Egurra ta Kitto eta Eztengiro taldeak txosnagunean 02:30etik aurrera.

Temas

Jaiak

Fotos

Vídeos