Getariako portuan deskargatu da hegaluze gehien arrantzaldi honetan

Atungorria. Zimarroiak Getariako portuan deskargatu dira kopuru gehiengoan aurten. /  AMAXKAR
Atungorria. Zimarroiak Getariako portuan deskargatu dira kopuru gehiengoan aurten. / AMAXKAR

Kanpaina honen itxieran 6.700 tonatik gorako deskargak egin dira euskal portuetan eta horietatik 3.362 tona Getarian atera dira

JUAN MARI ZUBIAURRE GETARIA.

Atzo goizean Getariako Elkano arrantzale kofradian Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arran-tza eta Elikagaien Politikako sailburuorde Bittor Orozek euskal portuetan izan diren hegaluzearen deskargen datuak aurkeztu zituen, kanpaina honen itxieran 6.700 tonatik gorakoak izan direnak.

Arrantzaldi honetan deskargatu diren hegaluze gehien-gehienak Getariako portuan (3.362 tona) izan dira eta ondoren Hondarribikoan (1.609 tona). Hauen atzetik, Bizkaiko Ondarroako portua (733 tona) eta Bermeokoa (416 tona) geratu dira. Getariako portua (377.100 kilo) eta Hondarribikoa (370.7000 kilo) izan dira, baita ere, atungorri gehien deskargatu duten portuak.

Datu hauen aurkezpen ekitaldian egon ziren baita Gipuzkoako eta Bizkaiko Kofradietako ordezkariak, Eugenio Elduayen eta Eusebio Aranzamendi, Leandro Azkue, Arrantza Zuzendaria, eta Emeterio Urresti Getarako Kofradiako lehendakaria.

Datu pozgarriak

Orozek azpimarratu zuenez, «kopuru hauek pasa den denboraldian hasitako joera positiboa berresten dute, orduan 6.200 tona inguru harrapatu ziren eta. Kiloko 3,89 euroko batez besteko prezioarekin, salmentek 26,3 miloi euroko kopurua gainditu dute eta 2016koak baino pixka bat handiagoak izan dira, orduan 23,4 milioi saldu baitziren, kiloko 3,76 euroan.

Portu homologatuetan deskargatutako 6.000 tonetatik %71,5 Eusko Label kalitate bereizgarriarekin identifikatutako aleak izan dira; horrek esan nahi du igoera nabarmena egon dela pasa den kanpainan etiketatu zen %61,2ren aldean. Gainerako % 28,5 ezin izan da kategoria horretan sartu, pieza bakoitzak gutxienez eduki behar duen 4 kiloko pisua ez baitzuten.

Atungorriari dagokionez, oraingo kanpaina 793,6 tonako harrapaketekin bukatu da, pasa den urtean hiru urteko absentziaren ondoren berriro atungorria arrantzatzeari ekin zitzaionean harrapatu ziren 638,8 tonak gaindituta. Ale guztiak, batez beste 36 kilo, Eusko Label kalitate zigiluarekin saldu dira. Salmentak ere pixka bat hazi dira (4,5 milioitik 2017ko 4,7 milioira); halere, kiloko prezioa txikitu da, 2016ko 7,15 eurotik aurtengo 5,98ra igarota.

Etorkizunera begira

Arrantzaleak kezkatuta azaldu dira aurkezpen honen baitan. Irlanda eta Frantziako itsasontzi pelagikoak alferrikako arrantza handiegia egiten dutela diote. Gaur egun denentzat nahikoa dago baina etorkizunean lehen antxuarekin gertatutakoa errepikatu daiteke eta horren aurrean neurriak hartu behar direla adierazi dute. Bezeroak eragin handia izan dezake, eusko labela duten atunak erosiaz eta besteak baztertuz.

Fotos

Vídeos