Getaria eta kostaldea ezagutzeko autobus turistikoa martxan

Bultzatzaileak. Autobus turistikoaren aurrean. / AMAXKAR

Igandean hasiko da bere ibilbidea egiten Gipuzkoako kostaldea erakutsiko duen zerbitzu berria Donostian

JUAN MARI ZUBIAURRE GETARIA.

Kostaldeko autobusa Getariara, Zarautzera, Zumaiara eta Azpeitia-Loiolara etorriko da datorren igandetik aurrera Donostian jarriko den zerbitzu berri baten barne. Kostaldekoa diogu zeren honekin batera barnealdekoa era abian jarriko da, Tolosara, Ordiziara eta Oñatira joateko aukera emango duena. Bidaiariek hiru geldialdi egiteko aukera izango dute ibilbideko herriak bisitatzeko.

Kultura eta Turismo diputatu Denis Itxasok aurkeztu du uztailaren 8tik aurrera martxan egongo den autobus turistikoa, Enrique Hernáez Euskal Herriko handizkari har-tzaile den STI Servicios Turístico Integrales-eko zuzendari nagusiarekin batera. Ekimen pribatu bat da, Foru Aldundiak sustatu duena, eta helburua da Donostiara iristen diren turistei lurraldeko zenbait puntu ezagutzeko modu erakargarri eta eroso bat eskaintzea.

Zein txartel erosten den eta zein ibilbide hautatzen den, halako orduan hasiko da bidaia Donostiatik. Une horretatik aurrera, ordutegi-taulan azaltzen diren edozein herritan igo eta jaitsi daiteke bisitaria. Beraz, edozein herri hautatzeko aukera izango du, bere txartelak ahalbidetzen dion herri kopurua bete arte: hiru, bi edo geldialdi bat.

Geldialdi bakoitzean bisitariak 2 ordu edo 2 ordu eta erdi (bazkaltzeko denbora gehiago edukitzeko) izango ditu herria bisitatzeko, Txartelaren prezioa 25 eta 45 euro artekoa izango da, geldialdi kopuruaren arabera, eta 2 eta 12 urte bitarteko haurrek %50 ordainduko dute. Albiste ona zalantzarik gabe.

Fotos

Vídeos