Gazte mailako Keta Babyauto futbol taldea lider jarri da liga hasieran

Iñigo Rodriguez. Bi gol egin zituen. / ARGAZKIAK AMAXKAR

Orioko taldearen aurka 4-1 irabazi zuten lehen jardunaldian eta lehen postuan kokatu dira

JUAN MARI ZUBIAURRE GETARIA.

Getariako Keta Babyautoko gazte mailako taldeak hasiera ezin hobea eman dio denboraldi berriari. Asteburuan Orioko hartzen zuten etxean eta garaipen garrantzitsua lortu dute. 4-1ekoak gainera lehenengo postuan kokatu ditu sailkapenean, lider modura.

Norgehiagoka hasi eta berehala getariarrek lehen gerturatzea egin zuten oriotarren atera beraien akats defentsibo baten ondorioz. Dena den, hortik aurrera oriotarrek hartu zuten partidaren kontrola, baina getariarrak izan ziren lehenak oriotarren atea zulatzen Aratz Lertxundiren gol baten bidez. Golaren ostean norgehiagokak berdin jarraitu zuen, oriotarren kontrolarekin.

Horrela amaitu zen lehen zatia, eta bigarrena hasi bezain azkar getariarrek falta baten bidez bigarren gola lortu zuten, berriz ere protagonista Aratz bera izanik. Minutu batzuk beranduago, oriotarrek aldea murriztea lortu zuten alboko sake batean getariarrak pixka bat despistatuta zeudela aprobetxatuz, eta horrela hasi zen oriotarren erabateko erasoa. Partidaren azken minutuak arte oriotarrek aukerak sortu zituzten, baina beraien korner baten ostean kontraerasoan getariarrek hirugarren gola sartu eta azkenik, pare bat minutu beranduago, Iñigo Rodriguezek bere dobletea sinatu zuen azkeneko 4-1ekoa ezartzeko markagailuan.

Gauzak horrela 1. jubenil mailako seigarren multzoko sailkapenean buruan kokatu dira getariarrak. Eurekin berdinduta dago Ekintza taldea Zarautzi 3-2 irabazi ondoren. Sanse eta Añorgak hasierako berdinketa mugitu gabe amaitu zuten eta golez diferentziak lider jarri du Keta Babyauto.

Fotos

Vídeos