Gaur hasiko dira Errezilgo San Martin festak

YARZA ERREZIL.

Asteburu honetan San Martin jaiak ospatuko dira Errezilen, bihartik igandera bitartean. Gaur ostiralean, haurrentzako jolasak izango dira 16:00etatik aurrera eta ondoren txokolate beroa banatuko da guztientzat. Segidan, triki-poteoa egingo da herrian zehar jaien hasierako txupinazoa bota aurretik.

Aurten Errezil Sagarraren elkarteko kideak izango dira txupinazoa botatzeko arduradunak, 20:00etan Borondegin, eta 21:00etan herri afaria egingo da frontoian Gaztetandik elkarteak antolatuta. Jarraian, Izer eta Alabier trikitilariekin erromeria gauerditik aurrera.

Bihar larunbata San Martin eguna ospatuko da, 11:00etan Martin deunaren parrokian egingo den mezarekin. Ondoren hamaiketakoa izango da Borondegin eta eguerditik aurrera eskola kiroleko saskibaloi partidak jokatuko dira. Bazkalondoren mus txapelketa antolatuko da.

Arratsaldeko 15:30ean irekiko da izen ematea eta 16:00etan hasiko dira partidak. 17:00etan haurrentzako jolas txokoak izango dira, segidan triki-kantu-poteoa egingo da eta haurrentzako buruhandiak aterako dira. 20:30ean sagardo eta pintxo dastaketa egingo da eta 23:00etan Elizagoien ahizpekin dantzaldia.

Igandean herriko produktuen azoka izango da, tarta eta gazta lehiaketekin, goiz guztian. 13:00etan emango dira lehiaketetako sari banaketak. Arratsaldean, haur, emakume eta gizonen arteko esku pilota partidak jokatuko dira arratsaldeko 17:00etatik aurrera.

Gainera, azaroaren 19an, igandean, jubilatuen eguna ospatuko da. Goizeko 11:00etan gaztetxoentzako krosa antolatuko da, eta eguerdian Helduen III. Kros Mistoa izango da. Ondoren, jubilatuentzako meza izango da parrokian eta 13:30ean ardo dastaketa egingo da dantzalekuan. Egunari amaiera emateko, jubilatuek bazkaria izango dute Borondegin.

Fotos

Vídeos