Gaur eta bihar TTIP eta CETAren inguruan ekimenak antolatu dituzte

Ekimena. Joan den urteko ekitaldiko une bat Berdura Plazan./
Ekimena. Joan den urteko ekitaldiko une bat Berdura Plazan.

Herriko lau eragileren eskutik gaia jorratuko da eta saski bat zozketatuko

JUAN MARI ZUBIAURRE GETARIA.

Joan den urtean herriko lau eragilek TTIP/CETAri EZ! eta Herriok erabaki! lemapean pare bat ekimen egin zituzten, azaroaren 5an. Goizean umeekin mural bat margotu zuten eta ondoren ekitaldi bat burutu. Bertan herriko hainbat musikarik, bertsolari batek eta eragileetako kide batek parte hartu zuten.

Aurtengoan ere ekimena egitera doaz gaur eta bihar. Gaur, ostirala, liburutegian, herritar batek umeentzat ipuin batzuk kontatuko ditu. Bihar, larunbata eguerdian, ekitaldia egingo dute. Ekitaldian herriko hainbat musikarik pare bat pieza joko dituzte (baratze bat eta txoria txori), herriko pare bat bertsolarik bertsoak bota, irakurle taldeko batzuk hainbat liburuko hainbat pasarte irakurri eta herritar batek adierazpen bat irakurriko du. Komentatu dute baita ere, eguraldia lagun badute, gaur arratsaldean eta bihar eguerdi eta arratsaldean bertako produktuekin osatutako saski bat zozketatuko dutela.

Ekimen guzti hauek herriko lau eragilek elkarlanean antolatzen dituzte, ELAN-Euskadi, Gaztetxea, Udala eta Getariako Eskubide Sozialen Karta. Gai honen inguruan antolatzaileek zera adierazi dute, «hainbat dira TTIP delakoaren negoziaketetan lantzen ari diren puntuak eta izan ditzaken eraginak. Nahiz eta urrutiko zerbait iruditzen zaigun, gure egunerokotasunean epe luzera eragin zuzena eta handia izango du akordioak. Horregatik, eta gaiak duen eragin transbertsala kontuan izanik, Getarian ere erresistentzian eta alternatibak identifikatu eta plazaratu nahi ditugu. Tokikoa elikadura baten aldeko apustu egin egunerokoan (gure lurra gure etorkizuna), komunitatearen erabaki gune propioak babesten dituzten proposamenak bultzatu, inertzia eta dinamika indibidualista eta baztertzaileei aurrez aurre begiratu eta aldatzeko jarrera eraikitzaileak landu, herri mugimenduen indarrari dagokion balioa eman, herriko eragileen arteko aliantzak eta elkarlan erreala sustatu».

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos