Futbol eta eskubaloi partidak izango dira gaur eta bihar

J. ARANBERRI USURBIL.

Herriko kirol talde desberdinek 2017-2018 denboraldiari ekin diote dagoeneko. Duela bi aste batzuk, pasa den astean besteak, dagoeneko lehian dira talde batzuk eta asteburu honetan ere partida desberdinak jokatuko dituzte.

Usurbil Futbol Taldeari dagokionez, gaur arratsaldean bi neurketa ikusteko aukera izango da Harane futbol zelaian. 15:00etan hasita kadete mailako mutilen taldeak jokatuko du Vasconia A taldearen aurka. Herriko taldeak liga hasiera bikaina izan du, jokatutako bi neurketak irabaziz. Gaurkoan beraiek bezala, 6 puntu dituen beste bi taldeetako bat izango dute aurrez aurre.

17:00etan, berriz, Ohorezko mailako jubenil mutilen taldeak jokatuko du Haranen. Herriko taldeak Kostkas taldea izango du aurrez aurre, arerio zaila. Izan ere, usurbildarrek jokatutako bi neurketak galdu dituzte eta donostiarrek, berriz, jokatutako biak irabazi. Bestalde, gaur goizean zehar, Usurbil Futbol Taldeak antolatutako Usurbil Cup txapelketako finalerdiak jokatuko dira Haranen goizeko 9:30ean hasita.

Bihar goizean ere futbol partida izango da Haranen. 11:00etan hasita kadete nesken taldeak jokatuko du Goierri Gorri A taldearen aurka. Lehenengo aldiz kadete mailako nesken taldea du aurten Usurbil FTk eta pasa den asteburuan galdu egin bazuten ere, bihar lehen puntuak eskuratzeko aukera izango dute.

1. Erregional mailako taldeak, berriz, Zizurkilen jokatuko du gaur 15:30ean 3. jardunaldiari dagokion neurketa. Herriko taldeak 8-1 irabazi zuen pasa den asteburuan Seguraren aurka eta 1. jardunaldian berdinketa lortu zuten Astigarragan. Zizurkildarrek, berriz, galdu egin zuten pasa den asteburuan.

Eskubaloi partidak

Usurbil Kirol Elkarteko eskubaloi taldeei dagokionez, gaur goiz eta arratsaldez partidak izango dira Oiardo kiroldegian. 11:00etan territorial mailako kadete mutilen taldeak jokatuko du Egia 3 taldearen aurka. Arratsaldean, aldiz, kadete eta jubenil mailako Euskal ligako nesken taldeen neurketak ikusteko aukera izango da. Oraingoan Elgoibar izango dute aurrez aurre.

Kadete neskek lehen puntuak eskuratzeko aukera izango dute 17:30ean hasita, pasa den asteburuan 21-14 galdu baitzuten Zuazo taldearen aurka. Jubenilek, berriz, 15-21 irabazi zuten Zuazoren aurka eta 19:00etan hasita garaipen erraza eskuratu zuen Elgoibar taldearen aurka puntuak pilatzen jarraitzeko aukera izango dute.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos