Festetan ere, emakumeok aske

Zumaiako dozenaka emakumek eraso sexisten aurkako protokoloa aurkeztu zuten Amaiako Plazan. / SARA UTRERA
Zumaiako dozenaka emakumek eraso sexisten aurkako protokoloa aurkeztu zuten Amaiako Plazan. / SARA UTRERA

Zumaiako Mugimendu Feministak eraso sexisten aurkako protokoloa aurkeztu du

SARA UTRERA ZUMAIA.

Zumaiako Mugimendu Feministak antolatuta, ostegunean dozenaka emakume elkartu ziren Amaiako Plazan, eraso sexistarik gabeko jaiak aldarrikatzeko eta santelmoetako prestatu duten protokoloa aurkezteko.

Hasteko, irakurketa bat egin zuten non emakume askok festetan bizi izan duten egoera ezatseginak salatzeko. «Nazkatuta gaude ausartak izan beharraz, emakumeok, festetan ere aske izan nahi dugu! Hemen elkartu garen emakumeok ozen aldarrikatu nahi dugu guk ere festak gozatzeko eskubidea daukagula, eta halaxe egingo dugula! Eta erasoen aurrean, autodefentsa feministaz erantzungo dugula!», adierazi zuten.

San Telmoak urteko momentu garrantzitsua izaten dira herrian, kaleaz, jendeaz, musikaz eta desibinizioaz gozatzeko aukera. «Baina zoritxarrez festak ez daude indarkeriatik salbu eta are gehiago eraso sexisten kasuan. Emakumeok inork baino hobeto dakigu hori. Horregatik berriz aldarrikatu nahi dugu sexu, aukera sexual, arraza, janzkera... dela eta emandako erasoek ez dutela lekurik ez festetan, ez inon!», gaineratu zuten.

Hala, azken urteotan bezala, protokolo feminista landu dute eraso sexisten aurrean erantzuteko. Irizpide hauek prestatu duten eskuorritan daude, eta horretaz gain, tabernariei zein bestelako festa eremuetako arduradun eta langileei ere deia zabaldu die. «Azpimarratu nahi dugu, txosna-gunean Mugimendu Feministaren protokoloa aplikatu dadin bermatzen ahaleginduko garela beste urte batez», azaldu zuten ekitaldian.

Telefono zenbakia martxan

Hirugarren urtez, telefono zenbaki bat jarri dute martxan San Telmo festak irauten dituen egunetan: 642.891494. Gaurtik hasita apirilaren 17ra bitartean, eguerdiko 12:00etatik gaueko 22:00etara egongo da martxan. «Edozein motatako eraso jasan edo ikusi duen orori dei egiten diegu telefono horren bidez erasoen berri eman diezagun, telefono dei zein whatsapp-mezu bidez».

Edonork erabili dezake telefono zenbaki hau, erasoa bizi edo ikusi badu. «Guztion ardura da eraso sexistak saihestu eta identifikatzea, eta festetan guztiontzako seguruak eta erosoak izango diren espazioak sortzean», azaldu dute, eta gaineratu dute: «Garrantzitsua da erasoen berri ematea, errealitatearen argazki osoa eduki dezagun». Banatutako eskuorritan beste hiru telefono zenbaki azaltzen dira: Zumaiako Mugimendu Feministarena, 642.891494; Zumaiako Udaltzaingoarena, 943.143232 eta Larrialdi zerbitzuetako zenbakia, 112.

Martxa feminista

Bestetik, datorren larunbatean, hilak 14an, 23:30etik aurrera, martxa feminista egingo dute batukadarekin batera eta 'Kalea eta gaua gureak dira! lelopean. «Emakume guztiei dei egiten diegu azaldu daitezen, elkar hartuta kaleak eta plazak hartu ditzagun! Gure gorputz ederrak, lodiak, txikiak, handiak, okerrak festaren erdigunean jarri ditzagun!», gaineratu dute.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos