Festa giroan joan ziren inauteriak Usurbilen

Burrunbazale txarangak eta Kantu taldeak elkarrekin hainbat kanta eskaini zituzten. / ARGAZKIAK ARANBERRI
Burrunbazale txarangak eta Kantu taldeak elkarrekin hainbat kanta eskaini zituzten. / ARGAZKIAK ARANBERRI

Sukaldariak, talogileak, kantari ezagunak, punkyak, arraunlariak... denetik ikusi zitezkeen eguerditik aurrera gauzatu zen festan

JOSU ARANBERRI USURBIL.

Inauteri festa polita izan zen asteburuan. Ohikoa den bezala inauteri eguna ospatu zen eta egun osoan zehar inauteri giro polita izan zen herriko txoko desberdinetan. 'Pertsona ezagunak', horixe zen aurtengo inauteri eguneko gaia eta, pertsona eta pertsonaia ugari bildu ziren herriko kaleetan.

Sukaldari ezagunak, Pirritx, Porrotx eta Mari Motots, talogileak, kantari ezagunak, punkyak, arraunlariak, futbolariak... denetik ikusi zitezkeen eguerditik aurrera gauzatu zen festan. Joaldunak ere bertaratu ziren larunbatean Usurbila. Benetako joareekin batzuk, beraiek egindakoekin besteak... Zubieta eta Itureneko joaldunak bailiran ibili ziren.

Eguerdirako frontoi ingurua mozorroturiko herritarrez bete zen. Haur, gazte eta heldu bildu ziren bertan. Burrunbazale txarangako kideek eta kantu taldekoek zenbait abesti eskaini zituzten Mikel Laboa plaza inguruan eta ondoren bakoitzak bere kalejira egin zuen.

Arratsaldean ere jai giroa izan zen nagusi. Herriko erraldoien konpartsako erraldoiek eta buruhandiek ere bere agerpena egin zuten. Herrian zehar kalejira egin ostean, herriko pilotalekuan egin zituzten dantzekin amaitu zuten inauteri eguneko saioa. Izan ere, dultzaineroen doinuekin hainbat dantza eskaini zituzten, herriko jaietan egiten duten bezala. Burrunbazale txarangarekin kalejiran ibiltzeko aukera ere izan zuten usurbildarrek beren mozorro eta guzti. Azkenean euriak bere agerpena egin bazuen ere inauteri festako parrandak goizeko ordu txikiak arte iraun zuen.

Aurreko egunean, ostiralean ere, inauteri festari hasiera eman zion ekitaldia izan zen. Herriko Orbeldi dantza taldeko kideak dantzan ikusi genituen. Kalejira egitekoak ziren herrian zehar, baina eguraldi txarraren ondorioz kiroldegitik jaitsai, Bordatxo parean dantza batzuk eskaini eta herriko pilotalekuan amaitu zuten saioa. Luzaideko dantza desberdinak eskaini zituzten. Uztaritzeko inauteriak plazaratu zituzten bertan.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos