Eusko Jaurlaritzarekin bilduko da Udala, ke isurketen inguruan neurriak hartzeko

JOSU ARANBERRI USURBIL.

Urriaren 16ean, datorren astelehenean, Udalak bilera izango du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen saileko arduradunekin, herrian dauden ke-isurketen inguruan hitz egiteko. Bileran, herritarren eta Udalaren eskaerak helaraziko dizkiote Eusko Jaurlaritzari, herrian dauden ke-isurketen aurkako neurriak hartu ditzan.

«Gure eskuetan genuen guztia egin dugu Usurbilen ke-isurketak kontrolatzeko, baina Udalak eskumen oso mugatua du gai honetan. Hori dela eta, arazoa bideratzeko eskumena daukan erakundera jo dugu askotan, arazoari irtenbide bat eman nahian. Oraingoan bilera bat izango dugu Gasteizen, eta bertan Udalak zein herritarrek dituzten kezkak mahaigaineratuko ditugu. Arazo honek Eusko Jaurlaritzaren interbentzio zuzena eskatzen du, eta hain justu hori nabarmenduko diegu», adierazi du Xabier Arregi alkateak.

Ke-isurketen arira, Osinaga industrialdean, N-634 errepidearen bestaldera dagoen herriko Ucin enpresari hirigintza arloko zigor-espedientea irekitzea erabaki zuen udalak ekainean. Lantegi honek isurtzen duen kearen inguruko auzia ez da gaurkoa. Azken urteetan ugariak izan dira lantegi honek isurtzen dituen ke eta usainen inguruko kexak eta tamalez ohikoak jarraitu dute izaten orduz geroztik.

Xabier Arregi alkatearen esanetan jakitun dira enpresa honen ke isurketek herrian sortzen duten kezkaz, eta legealdi honetan ere beraiekin harremanetan izan dira problematika horri irtenbidea bilatu nahian.

Bere esanetan duela bi urte labe berria jarri behar izan zuten Udalaren eskaera jarraituen ostean, «eta tarte honetan gure asmoa izan da labe zaharra behin betiko ixtea eta ke-erauzgailu berria jartzea. Negoziaketa luzeak izan ditugu beraiekin, bolada batean hitz onak ere bai, baina aurrerapausurik ez dagoela ikusita, elkarrizketak eten egin dira. Behin eta berriz ari gara egoeraren larritasunaz ohartarazten Eusko Jaurlaritza, beren interbentzioa eskatzen eta gure inplikazioa eta laguntza eskaintzen. Bien bitartean hirigintza arloko zigor-espedientea irekitzea erabaki dugu», azaldu zuen.

Enrike Abril txapelketa

Zubietak 54. Enrike Abril txapelketako finalerdia jokatuko du gaur goizeko 10:30ean hasita Zubietako plazan Villabonako Behar Zana taldearen aurka.

Aurtengoan inoiz baino talde gutxiago izan dira lehian, lau hain zuzen ere: Zubieta, Luzean, Behar Zana eta Txost.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos