'Euskaraz Gazte' literatur lehiaketaren 24. edizioa martxan jarri du Udalak

Idazteko zaletasuna suspertzea da lehiaketaren helburu nagusia.

Lanak, ipuinak eta bertso-olerkiak, azaroaren 16a aurretik aurkeztu beharko dira

DV ORIO.

Udalak urtero antolatzen duen 'Euskaraz Gazte' literatur lehiaketaren 24. edizioa martxan da. Lanak aurkezteko epea dagoeneko zabalik dago eta hala egongo da azaroaren 16a arte. Lehiaketan 16 urtetik gorako edozein oriotar edo aiarrak har dezakete parte.

Lehiaketaren oinarriek dioten bezala, 'Euskaraz Gazte' literatur lehiaketaren helburua idazteko zaletasuna suspertzea da Orioko eta Aiako gazte-jendearen artean; lehiaketara aurkezten diren lanak euskaraz idatziak izango dira; lanak jatorrizkoak eta inon argitaratu gabeak izango dira.

Ez da onartuko beste lehiaketaren batean saria jaso duen lanik eta, ezta ere, beste hizkuntzaren batean idatzi eta lehiaketarako euskaratutakorik; lehiaketan parte hartzeko, oriotarra edo aiarra izan behar da edo, bestela, Orion edo Aian bizi, eta 16 urte beteta izan behar dira; lanen luzera librea izango da; epaimahaiak gaiaren gertutasuna baloratuko du; lehiaketak bi atal izango ditu: ipuina eta bertsoa (edo olerkia), eta gai aldetik librea izango da.

Lanak, onartua izateko, titulua besterik ez du izango agerian. Idazlearen izena ezin izango da inon aipatu. Lanarekin batera gutun-azal itxi bat aurkeztu beharko da, barruan egilearen datuak jasoko dituena eta kanpoan bere lanaren titulua besterik agertuko ez duena.

Adierazi beharreko datuak: egilearen izen-deiturak, adina, helbide elektronikoa eta telefonoa. Pertsona batek ezin dezake sari bat baino gehiago jaso atal bakoitzean.

Ipuin eta bertso edo olerki atalentzako sari berdinak ezarri dira: lehen saria, 300 euro; bigarren saria, 200 euro, eta 3. saria, 150 euro. Era berean, bi accessit, bakoitza 100 eurotakoa ere banatuko dira.

Epaimahaia, Orioko Udaleko euskara teknikariak, Aiako kultur teknikariak eta Karkara aldizkariko kide batek osatuko dute. Epaimahaiak hutsik utz ditzake sariak. Lanak Orioko Udaleko Euskara Zerbitzuan edo Aiako kultur etxean aurkeztuko dira, beti ere azaroaren 16a izango delarik horretarako azken eguna.

Antolatzaileek berea izango dute saritutako lanak argitaratzeko eskubidea. Gainontzeko lanak itzuli egingo zaizkio eskatzen dituenari.

Fotos

Vídeos