Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta ekimen desberdinak antolatuta daude Usurbilen

Aho batez Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruko adierazpen instituzionala onartu zuen atzo udalbatzak

JOSU ARANBERRI USURBIL.

Abenduaren 3an, igandean, ospatuko da Euskararen Nazioarteko Eguna, eta hori dela eta, adierazpen instituzionala onartu zuen atzo udalbatzak, aho batez. Adierazpenak azpimarratzen duenez, euskarak lankide nahi eta behar gaitu, urtean 365 egunez. Eta ospakizun eguna baliatu nahi da, hain zuzen, ilusioaren hauspoa haize berriz betetzeko. Indar berriez sendotzeko eginahala. Hori behar baitu euskarak, hori behar baitugu euskara guztion ezpainetan, kaleetan, etxeetan, ziberespazioan, lantokietan, pantailetan, paperetan nahi dugunok: ilusioa. Eta elkarlana. Auzolana. «Ilusioa eta elkarlana, euskararen lurralde eta esparru juridiko guztietan ahalik eta erarik bateratuenean gure hizkuntzarentzat etorkizun bizia irabazteko. Elkarrenganako adeitasunez. Elkartasunez».

Adierazpenean txalotu egiten da hamarkada luzez han-hemengo herritarrek euskara eskuratzeko eta lantzeko egindako ahaleginak: «Horiei guztiei zor diegu euskarak bizi duen errealitatea». Orain, eta hemendik aurrera, ordea, euskararen erabilera etengabe eta bizi-bizi areagotzea da guztien langintza, ezagutzaren handitzearekin batera euskararen aldeko hizkuntza ohituren aldaketa sakona gauzatu dadin. «Mingainak dantzan jartzeko premia dugu, eta, bistan denez, mundu aldakor honetan, kantu eta kontu berriak behar ditugu». Eta horretarako administrazioek eta herri ekimenak auzolanean jarduteko beharra nabarmendu dute, gehiengo soziala euskararen alde egotetik euskararen alde egitera eramateko. Euskara erabiltzera eramateko. Euskarak, ezinbestez, elkarlan horien premia duela dio adierazpenak. «Ideien konfrontazioari uko egin gabe, irtenbideak adostuz, bakoitzaren eginkizun eta erantzukizunekiko errespetuz, elkarrenganako leialtasunez, eta denok norabide berean bultzatuz. Bakarka ezinezkoa da. Auzolanean, guztiz ilusionagarria».

Hala, Euskararen Eguneko konpromisoa, datozen 365 egunotan izateko lan egingo du Usurbilgo Udalak. Auzolanean lankide zintzo: euskara auzolana baita.

Ekimen desberdinak

Euskararen egun honi begira ekimen desberdinak antolatuta daude datozen egunetarako. Gaurtik hasi eta igandea bitartean ekintza desberdinak gauzatuko dira herrian. Gaur 12:10ean Udarregi ikastolako Lehen Hezkuntzako ikasle eta irakasleen euskal abestien kantaldia izango da Mikel Laboa plazan, frontoian eguraldi txarra egiten badu. Aginagan, berriz, 14:30etatik 16:30era Aginagako eskolako gurasoak eskolara gerturatuko dira pasadizoak, txisteak, ipuinak etab. kontatzera. Azkenik, 16:15etan Udarregi ikastolako Haur Hezkuntzakoak jolastokira irtengo dira abestera.

Iganderako ere ekimen desberdinak iragarrita daude. Aginagan, Antxomolantxa elkarteak antolatuta, mural pintaketa izango da frontoi inguruan 11:00etan. Arratsaldean, berriz, 'Bualá' haurrentzako jaialdia izango da 17:00etan eta 18:30ean, Txalo konpainiak 'Erdibana' antzezlana eskainiko du eliza zaharrean Joxe Ramon Soroiz eta Iker Galartza aktoreekin.

Usurbilen arratsaldeko 17:00etan haurrentzako euskarazko filmea izango da ikusgai Sutegi eraikineko auditorioan. 'Zipi eta Zape' ikusteko aukera izango da bertan udalak eta Ziortza Gazte Elkarteak antolatuta. Ondoren, 19:00etan, 'Pakian daonai pakian utzi!' izenburupean Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai herritarra umorez arituko dira euskaratik eta euskaraz, Noaua! Kultur Elkarteak antolatuta.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos