Euskaraldia ekimena antolatzen hasteko bilera irekia izango da gaur arratsaldean

JOSU ARANBERRI USURBIL.

Gaur arratsaldeko 18.00etan euskararen erabilera areagotzeko helburuz jaio den Euskaraldia ekimena antolatzen hasteko bilera irekia izango da Potxoenean. Euskaraldia azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitarte Euskal Herri osoan gauzatuko den ekimena da, hizkuntza ohituretan eragiteko helburuz. Hamaika egun horietan, nagusiki, euskal hiztunak aktibatu nahi dira. Aktibazioak martxan jartzea esan nahi du. Hizkuntzaren erabilerari lotutako kontzeptua da, euskaraz hitz egiten dakitenek edota euskara ulertzeko gaitasuna daukatenek euskara erabil dezaten lortu nahi delako.

Hala, egun horietan, 16 urtetik gorako herritarrak Ahobizi eta Belarriprest bihurtu nahi ditu ekimenak. Ahobizi ulertzen duten guztiei euskaraz hitz egiten dieten lagunak dira (baita ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egiten dietenak ere). Belarriprest, gutxienez euskara ulertzen duten kideak dira, gainontzekoei euskaraz aritzeko gonbidapena luzatzen dietenak.

Ekimena Euskal Herri osoan egingo den arren, tokian tokiko euskaltzaleak izango dira herri bakoitzeko dinamiken sustatzaileak, eta tokiko inguru soziolinguistikora zein errealitatera moldatzeko modukoa izango da.

Usurbilen motorrak berotzen

Horiek hala, Usurbilen ere motorrak prestatzen hasi dira udala eta euskalgintzan diharduten talde eta eragileak, elkarlanean. Izan ere, Euskaraldiak herri-ekimen erraldoi bat izan nahi du, euskarari susperraldi bat emateko.

Udalak eta euskalgintzako talde, eragile eta norbanakoek lehen bilera egin zuten urtarrilaren 17an, hizkuntza ohituretan eragin eta euskararen erabilera areagotzeko Euskal Herri osoan abiatu den Euskaraldia-ren barruan Usurbilen zer egin aztertzen hasteko. Bilera jendetsua izan zen.

Bileran Olatz Altuna Soziolinguistika Klusterreko kideak herriko kale erabileraren datuak aurkeztu zituen, Euskaraldia-k non eragin eta ze eremu indartu behar dituen ikusteko. Gaur egun %54koa da euskararen kaleko erabilera udalerri honetan. Azken urteetan, aitzitik, behera egin du, izan ere, 2011n %61,9koa zen. Beraz, 8 puntu egin du behera. Alderik bada, auzoen artean, ordea: kaxkoan erabilera %73koa da, eta Aginagan, esaterako, %90ekoa; beherakada nabarmenena, ostera, Zubietan eta Olarriondon erregistratu da. Edonola ere, datu baikorrak ere plazaratu zituen Altunak: haur eta gazteenak dira euskara ahotan gehien darabiltenak, eta haurren presentziak eragiten du helduek euskaraz aritzea. Haurrik ez badago, % 65,7tik % 43,1era murrizten da euskararen kale-erabilera.

Lasarte-Oriako Ttakun kultur elkarteko kideek ere parte hartu zuten bileran. Aho bizi, belarri prest egitasmoa zer den eta Lasarte-Orian nola gauzatzen den azaldu zuten.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos