Euripean hasi ziren Itziarko Kopraixak

Danborrak eta makilak astinduz Itziarko haur eta gaztetxoek primeran pasa zuten.
Danborrak eta makilak astinduz Itziarko haur eta gaztetxoek primeran pasa zuten. / ARGAZKIAK SALEGI

155 pertsona izan dira Itziar Trail-eko bigarren edizioan parte hartu dutenak

ANDER SALEGI DEBA.

Egun zoragarria izan zen atzokoa Itziarko herritarrentzat, beraien herriko festak hasi baitziren. Pena eguraldia izan zen, euripean hasi behar izan baitzuten Kopraixak. Goizean hasi ziren ekintzak, umeen pilota partiduko finalekin. Zabalsoro frontoian lehiatu ziren Borja Osa eta Oinatz Izagirre (12-18), ondoren, Danel eta Aimar Aizpurua anaiak Mattin eta Unai Arrizabalaga anaien aurka jolastu zuten binakako finala, partidu parekatu baten ondoren Aizpurua anaiak 22-18 irabazi zuten. Eguerdian, frontenis txapelketako finala jokatu zen, pasa den urteko final berdina izan zen, Amets Agirregabiria eta Aitor Zubikarai bikotea Alex Martija eta Julen Aldalur bikotearen aurka. Partida luzea eta kalitate handikoa jokatu zuten, azkenik Alex eta Julen osatzen zuten bikotea garaile izan zen 40-30.

Arratsaldera arte itxaron behar izan zen giroa alaitzen hasteko. Lehendabizi, Itziar Trail-eko bigarren edizioa ospatu zen, bertan 155 partaideetik 135 atera ziren. Azkenik 13kilometro eta 900 metro egin eta gero mutilen atalean Aitor Osa Itziartarrak ordu bat 9 minutu eta 58 segundorekin garaile amaitu zuen.

Nesketan aldiz, Sarah Ugarte donostiarra ordu bat 35 minutu eta 42 segundorekin izan zen garaile. Helduen mendi lasterketa hau egiten zen bitartean, umeentzat krossa antolatu zuten herriko kaleetan barrena.Hau bukatu ondoren, txupinazoa baino lehenago, The Joselontxo´s txarangak herriko kaleak alaitu zituen.

Zazpiak jota, elizako kanpandorretik, Marixi jaisten hasi zen eta horrekin batera, suziri batzuk jaurti ziren Kopraixak hasi zirela iragartzeko. Marixi agurtu zuten itziarko umeek bere jaitsieran, batzuk, beraien txupeteak emanik eta beste batzuk erretratuak ateraz. Agurtu eta gero, Itziarko bertso eskolako umeen ordua iritsi zen, hauek urtean zehar ikasitako bertsoak herriko plazara hurbildu ziren entzule guztiei eskaini zieten.

Ondoren danborradaren garaia iritsi zen. Gauean, Fan&Go musika taldearekin dantzaldiaz gozatzeko aukera izan zuten.

Gaur gehiago

Zezenak izango dira gaurko egunari hasiera emango diotenak. Goizeko zazpietan gaupasero eta ausartentzako zezenak aterako dira herriko plazan. Goizeko 11:30ean, Kopraixetako Meza Nagusia eskainiko du Patxi Azpitartek Itziarko parrokian. Ondoren, txakolin dastaketa. Bitartean, herri kirolak gustuko dutenentzat,Irune Izkue eta Maika Aristegi aizkolariak hiru probetan (azkartasunekoa, kolpekakoa, bi egur zeinek azkarrago) lehiatuko dira. Arratsaldean, 18:00etatik aurrera XIV. Bikoteen arteko dantza solteko txapelketa egingo da Jon Ostolaza eta Rakel Pujana trikitilariekin. Hau eta gero, Josu Valenciano, Xabier Iturralde, Iban Arregi eta Joanes Balenciaga errekortadore gazteak beraien trebetasuna erakutsiko dute zezenekin, ikusleek aho zabalik gera daitezen. Gauean, 23:00etan Korrontzi Dantzan ikuskizuna ikusteko aukera egongo da Zabalzoro frontoian. Sarrera 10 euro balioko du. Eguna bukatzeko, Pantxo Balbuena mexikarra Burugorri tabernan egongo da rantxerak abesten.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos