Esnal ahizpei, merezitako aitortza

Esnal ahizpak familiako kideekin, parrillero, udaletxeko ordezkari eta Koteto Ezkurra. / ARGAZKIAK ETXEBERRIA

ANTXON ETXEBERRIA ORIO.

Esnal ahizpek, Eugeni eta Mari Cruzek, merezitako omenaldia jaso zuten ostegun arratsaldean, Bisigu Festaren inaugurazio ekitaldian. Gehienak badakigu zenbat lan egindakoak diren, baina Lourdes Salsamendi zinegotziak ederki azaldu zituen omenaldiaren arrazoiak.

«Eugeni eta Mari Cruz eta beren ama Modesta Esnal zenari ere omenaldia egin nahi diogu, bera izan baitzen 1949an alargun gelditu eta, bi ahizpekin, Esnal ostatua eta jatetxea eraiki eta martxan jarri zuena. Esnal ostatuak, jatetxe izateaz gain, funtzio sozial handia egin du Orion. Izan ere, jende asko pasa da etxe horretatik; bezero asko kanpotik Oriora lanera etorritakoak izaten ziren eta, maiz ordaintzeko dirurik eduki ez arren, ostatuko ateak irekita izaten zituen beti Modestak haientzat», adierazi zuen.

Bi alabek, Mari Cruz eta Eugeniak, Gregorio Etxaniz eta Patxi Etxeberria senarren laguntzarekin, segida eman zioten Esnal ostatuko lanari, 2008an itxi zuten arte. Eugeni eta Mari Cruz-ekin batera, Udalak Koteto Ezkurra erremontista omendu zuen, «urteetan Oriorekin izan duen harreman estuarengatik», adierazi zuen Jose Angel Zaldua alkateak.

Gaur hirugarren eguna

Bisiguaren Festak aurrera darrai eta gaur hirugarren eguna ospatzen da.

Gaur, aipatzekoak, 12:00etatik aurrera, Bisigu lehiaketa Orioko elkarte gastronomikoen artean herriko plazan eta marmitakoa, errazioak 2 eurotan salgai. Bazkaria, 14:00etatik aurrera izango da; 19:00etan KAE ligako X. Estropada Oria Ibaian 'Bisiguaren Festa Orio Estilora' bandera, eta 21:00etatik aurrera, afaria, plazan prestatu den jatetxe ederrean.

Fotos

Vídeos