Eskola kirola berrantolatzeko proposamena aurkeztuko dute gaur arratsaldean Sutegin

Umea erdigunean jarri, eta kirola, ariketa fisikoa, jolasa eta aisialdia uztartzeko egitasmoa landu dute

JOSU ARANBERRI USURBIL.

Eskola Kirola berrantolatzeko proposamena landu dute eskola kiroleko hezitzaileek, Udarregi Ikastolak, Noaua Kultur Elkarteak eta Usurbilgo Udalak. Proposamen berritzailea osatu dute, eta datorren ikasturtean bertan jarri nahi dute abian.

Aurrez, baina, LHko gurasoei aurkeztu nahi zaie, gurasoen iritzia jasotzeko asmoz. Horretarako, batzarra antolatu dute eta gaur arratsaldeko 17:30etan hasita izango da Sutegin.

Usurbilen eskaintzen den Eskola Kirola berrantolatzeko premia sentitu dute hainbat gurasok eta hezitzailek, eta egungo eredua aztertu eta proposamen berritzailea diseinatu dute. Bi urtez aritu dira hausnarketa hori egiten, eta proposamena taxutzen. Honako hauek hartu dute parte zeregin horretan: guraso batzuk, Udarregi ikastolako Gorputz Hezkuntzako irakasleak, Eskola Kiroleko koordinatzaile eta monitoreak, Ikastola Elkartean aisialdian lan egiten duen pertsona, unibertsitateko irakasle bat, kudeaketan aditu bat, genero-gaietan aditu bat eta inklusioaren gaian aditu bat.

Proposamena aurkezten hezitzaileak, ikastola, Noaua! eta Udala izango dira

Euren azterketaren arabera, egungo eredua ez da inklusiboa; jolasetik kirolerako jauzia egiten denean, kirolean aritzeko aukera gutxi dago; gainera, 10 urtetik aurrera, lehia eredua heziketa-ereduari gailentzen zaio; gidatuegia dago dena, jolas librearen kaltetan; jarduera ia guztiak kirol eta estandarizatutako instalazioetan egiten dira, eta eremu librean edota naturarekin harremana ez da lantzen; gurasoen edo herritarren parte-hartzerik ez da sustatzen, eta, ondorioz, komunitatearekin erlaziorik ez dago, ezta herriko ekitaldiekin ere....

Horiek hezitzaileok ateratako ondorio batzuk baino ez dira, eta horrek eraman ditu, hain zuzen ere, egungo eredua berraztertu eta berri bat sortzeko urratsa ematera.

Batzarra gaur

Hain zuzen, egindako gogoeta eta egitasmo berria partekatzen aritu dira han eta hemen, eta proposamen horretara bildu dituzte udala, Udarregi Ikastola eta Noaua! Kultur elkartea. Eskola kirola, eskolaz kanpoko jarduera soila izatetik, herri-egitasmo bat izateko planteamendua egin dute, eta herriko elkarte eta Udalaren arteko elkarlana sustatu.

Umea erdigunean jarri, eta kirola, ariketa fisikoa, jolasa eta aisialdia uztartzeko egitasmoa landu dute. Egitasmoa gorpuzten aritu dira eragile guztiak elkarlanean orain arte, eta datorren ikasturtean bertan jarri nahi dute abian. Aurrez, baina, gurasoei aurkeztu nahi diete, eurak ere proiektu honen parte izan daitezen.

Hain justu, horixe da gaur Sutegin egingo den batzarraren helburua: eskola kirola berrantolatzeko proposamena aurkeztea LHko gurasoei. Proposamena aurkezten eragile guztiak izango dira: hezitzaileak, ikastola, Noaua! Eta Udala. Azken batean, lehen hazia guraso eta hezitzaileek jarri badute ere, elkarlanari lotu, eta guztiek, bakoitzak beretik emanez, gorpuztu da egitasmoa. Orain gurasoek izango dute hitza.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos