«Eskerrik asko festetan lagundu diguzuen guztioi»

Salsamendi, Kultura eta Turismo zinegotzia, pozik herritarren erantzunarekin

DV ORIO.

Lourdes Salsamendi, Kultura eta Turismo batzordeburua gustura agertzen da San Pedro festek izan duten jarraipenarekin ta eskerrak ematen dizkie herritarrei. «Txupinazo egunean parte hartu zenuten herriko taldeei eskerrak: Harribil, Salatxo, Musika Eskola, Egunsenti otxotea, buruhandiak eta erraldoiak; hauek, gainera, egunero atera dira»; era berean, «meza nagusian ondo ikusi genuen gure herriko hiru abesbatzek, Salatxo, otxotea eta Elizako abesbatzak bat eginik, eta elkar lanean nola lortu zuten bertan izan ginen oriotarrek euskal Mezarekin gozatzea».

Zinegotziak, Zaraguetako guraso elkarteari ere txalo beroena eskaintzen dio, futbol txapelketagatik. «Luis Azkueri ere gure eskerrak, urtero mimo handiarekin antolatzeagatik hilketa gabeko arrantza». Baita ere, txalo beroena aurten Euskal Jai eguna antolatu duen taldeari, «lan bikaina egin duzuelako eta zuen honekin erakutsi diguzuelako oriotarrek bat egitea ez dela hain zaila helburua oriotar guztientzat bada».

«Marmitakoa prestatu zuen taldeari ere eskerrik asko. Herri bazkariko muntaia lanetan eta bazkari orduan hurbildu zineten boluntarioei eta udaleko zinegotziei eta alkateari eskerrak eman nahi dizkiet. Esperientzia eskolako taldekoei ere bai; Uhaina, Imanol, brigada eta udaltzaingoari eskerrik asko, zuen lana beharrezkoa baita niretzat gauzak ondo ateratzeko».

Bukatzeko, «oriotar guztiei eskerrak, festak jai giro onean pasa ditugulako. Norbait ahaztu badut, barkatu eta, beti bezala, hobetu beharrekoak hobetuko ditugu».

Fotos

Vídeos