Errigorako produktuak jasotzeko aukera berria

Gaur eta bihar. Berdura Plazan eros daitezke otarrak. / AMAXKAR
Gaur eta bihar. Berdura Plazan eros daitezke otarrak. / AMAXKAR

Getariako Eskubide Sozialen Kartak bultzatzen duen ekimena da eta bi otar mota eskaintzen dituzte

JUAN MARI ZUBIAURRE GETARIA.

Kanpaina berria abian jarri du Errigorak eta getariarrek izango dute Nafarroako produktuak eskatzeko aukera Getariako Eskubide Sozialen Kartari esker. Iaz bezala, bi otar eskaintzen dira aurten ere, bata beltza eta bestea zuria. Bakoitzak produktu ezberdinak ditu eta 50 euro balio dute bakoitzak.

Aste honetatik azaroaren 14ra arte farmazia edo drogerian egin daitezke eskariak, baina gaur, azaroaren 2, eta bihar 3an, zuzenean eskuratzeko aukera izango da Berdura plazan, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara bertaratuz.

Saskietatik lortutako diruaren %25a Nafarroako hegoaldean euskara bultzatzeko erabiliko da.

Zer den Errigora agian norbaitek oraindik ez daki . Errigora Euskal Herria oinarri eta elkarlana lanabes dituen ekimen herritarra da. Nafarroa hegoaldea du ardatz eta 'euskara ofiziala ez den zonaldean' eragin nahi du, eremu horretakoak propio diren produktuei Euskal Herrian bidea emanaz, euskaratik, euskararako eta euskaraz.

Norabide horretan, egunetik egunera gero eta zabalagoa den lagunarte batek ematen dio gorputza ekimenari, ilusioz eta anbizioz ari diren herritar, nekazari, euskaltzale, ekoizle eta kontsumitzaileez osatutako sare anitz batek.

Txikitasunetik abiatuta elkarlan handi bat gauzatu nahi dute Nafarroak Euskal Herria behar duelako eta Euskal Herriak Nafarroa behar duelako.

Errigorak hiru helburu ditu, alde batetik, Nafarroa hegoaldeak propio dituen produktuak Euskal Herriko plazan kokatzea, urrunekoen ordez bertokoak kontsumitu ditzagun.

Bigarren helburua, Nafarroa hegoaldean 'euskara ofiziala ez den zonaldeko' euskalgintzari bultzada ekonomikoa ematea da.

Eta azkenik hirugarren helburua herrigintza, auzolana, nazio-eraikuntza... 'betiko' lan kolektiboan oinarrituz ekarpentxo bat egitea, lan molde honen beharra eta indarra goraipatuz.

Fotos

Vídeos