Errautsen parke berria, inauguratua

Dantzariek eta musikariek girotu zuten besteak beste larunbateko ekitaldia. /  J.A.
Dantzariek eta musikariek girotu zuten besteak beste larunbateko ekitaldia. / J.A.

JOSU ARANBERRI USURBIL.

Larunbatean inauguratu zuen Udalak hilerri berrian egin berri duten Errautsen Parkea. Eguraldia desatsegina bazen ere, hainbat herritar hurbildu ziren. Xabier Arregi alkateak eta Luciano Pagaegi arkitektoak egitasmoaren inguruko xehetasunak eskaini zituzten.

Alkateak azpimarratu bezala, Errautsen Parkea bizitzari eta heriotzari beste modu batez begiratzeko gunea izango da. Arkitektura lan bat baino askoz gehiago da: hausnarketarako gunea, eta edonork, edozein delarik ere bere sinesmena, heriotzari eta doluari aurre egiteko gunea.

120.000 euro bideratu ditu Udalak hilerri berria handitu eta Errautsen Parkea egiteko. Hilerri berriaren handitzeak zerikusi zuzena du hilerri zaharraren itxiera prozesuarekin. Zaharra hustutzen aritu da azken hilabeteetan Udala. Ez da erraza izan prozesua. Nahi baino mantsoago joan da. Ia 800 gorpu zeuden lurperatuta, eta Udala senide guztiekin jarri da harremanetan banan bana, gorpuak atera zitzaten eskatuz. 240 gorpu atera dituzte senitartekoek.

Oraindik, ordea, 500 gorpu inguru daude hilerri zaharrean, eta hilotz horiek Udalaren gain gelditu dira, familiartekoek eskatu ez dituztenak, hain zuzen ere. Hilotz horiek erraustu egingo dituzte, eta ondoren Errautsen Parkean utziko dituzte, modu anonimoan. Edozein kasu, erabilera ez da horretara mugatuko. Izan ere, aurrerantzean gorpuak erraustu eta errautsak han, modu anonimoan, zabaldu nahi dituzten usurbildarrek ere erabili ahal izango dute gune hori. Bestalde, kolunbarioetan dauden errautsak, behin 10 urteko epea amaituta, han utziko dira ere.

Omenaldi zibilak

Errautsen parkean, gainera, hileta edo omenaldi zibilak modu irekian egiteko aukera izango da. Udalak aldatu egin du berriki hileta zibilak egiteko 2010ean onarturiko ordenantza. Hala, urtarriletik aurrera hileta edo omenaldi zibilak gune gehiagotan eta ordutegi zabalagoan antolatzeko aukera izango da. Orain arte hilerri berriko tanatorioan edota Askatasuna Plazan antola zitezkeen. Aurrerantzean, ordea, Sutegiko auditorioan eta Errautsen Parkean ere izango da horretarako aukera, honako egun eta ordutegian: astelehenetik larunbatera, 11:00etatik 13:00etara, eta 18:00etatik 20:00etara.

Orbeldi Dantza Taldeak eta Zumarte Musika Eskolako irakasleek girotu zuten ekitaldia. Yolanda Arrieta idazleak heriotzaren gaineko literatura-errezitaldi hunkigarria eskaini zuen. Euskal literaturako idazle eta olerkari ezagunek han eta hemen heriotzaren inguruan osatutako ipuin, olerki eta aipuak kateatu zituen, modu ezin hobeagoan.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos