Erabilera berriak izango ditu Azpeitiko Basozabal Jauregiak

Zortzi espazio egokituko dira jauregiaren barrualdean.
Zortzi espazio egokituko dira jauregiaren barrualdean. / DV

35 urte daramatza erabili gabe, eta birgaitze lanak amaitutakoan interpretazio zentro bat eta turismo bulegoa hartuko ditu

Historia darien jauregi eta dorre ederrak ditu Azpeitiak. Aipa daitezke Antxieta Etxea, XVI. mendekoa, mudejar estiloko fatxada paregabea duena, edo Enparan Dorrea, aurrenekoz XIV. mendean eraikia, XVI.ean berreraikia eta XVIII. berritua. Biek, herria edertu eta horren historiaren berri emateaz gain, zerbitzu eskaintzen dizkiete XXI. mendeko herritarrei. Enparan Dorrea, hain zuzen, kultur etxea da, eta Antxieta Etxean desgaitasun intelektuala duten pertsonentzako eguneko zentroa eta etxebizitzak egokitu zituzten duela urte batzuk.

Bazen baina Azpeitian erabilera argirik gabeko beste harribitxi bat, Basozabal Jauregia. Gipuzkoako ondarearen eraikin berezienetako hori, XIV. eta XV. mendeen artean eraikia, 1964an aitortu zuten monumentu Kultura Ministerioaren aginduz, eraikinaren interes historiko eta artistikoagatik. 1984an Eusko Jaurlaritzak ondare kultural aitortu zuen, monumentu kategoriaren barruan.

35 urte hutsik

Herriko alde zaharreko Enparan kalean dagoen jauregia Azpeitiko lehenengo eraikin zibiletako bat da, eta Gipuzkoan garrantzi handiko ondare bihurtzen duten ezaugarri arkitektonikoak ditu, barne-patioa edota atzeko galeriak, esaterako.

Eraikina duela 35 urte birgaitu zen, baina 35 urte erabili gabe igaro ostean, kalteak eta hondatzeak nabarmenak dira. Eraikinaren kalteak gelditzeko, eta ondoren egonkortzeko, lanarekin hasi baino lehen aurretiazko ikerketa bat egin zen, hain zuzen ere, harrizko eraikinen patologien errekuperazioaren, egurrezko egitura-elementuetako kalte xilofagoen eta eraikin barruko hezetasun kalteen inguruan.

Birgaitze lanetan nagusiki zurgindegi lanak, akabera lanak (zoladurak, sabaiak…) eta instalazio lanak egingo dira. Horrez gain, eskailera berri bat egingo da, baina egun dagoen eskailera mantenduta.

«Ondarea berreskuratzeko eta kontserbazioa bermatzeko era onena erabilera ematea eta funtzio bat esleitzea dela» Denis itxaso, Kultura diputatua

Denis Itxaso Kulturako foru diputatuak Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatearekin sinatu duen elkarlan-hitzarmenaren bidez, Aldundiak birgaitze lanak sustatuko ditu. “Birgaitze lanek helburu argi bat dute: eraikinari erabilera ematea. Gipuzkoan eraikin asko ditugu kultura balio handia dutenak, eta ezin ditugu hutsik eta inongo erabilerarik gabe eduki, hala, hondatu egiten baitira. Hori dela eta, bereziki pozik nago hitzarmen honekin, eraikin bat berreskuratzeko eta, aldi berean, balio soziala emateko aukera eskaintzen duelako”, azaldu du Itxasok. Ildo beretik, Kulturako diputatuak adierazi du “ondarea berreskuratzeko eta kontserbazioa bermatzeko era onena erabilera ematea eta funtzio bat esleitzea dela, gizartearekin kontaktuan jarriko duena eta eraikinaren zentzu historikoarekin koherentea izango dena". Foru arduradunaren iritziz, guztiz bat dator ikuspuntu horrekin Basozabal Jauregia erabilera kulturaletarako berreskuratzea eta Azpeitiarekin lotutako alderdi turistikoak, artistikoak edo sormenezkoak zabaltzeko martxan jartzea, eta horiek erabateko zentzua emango diete egingo diren lanei.

Eraikin birgaituak zortzi espazio edukiko ditu: Turismo-bulego bat, interpretazio eta erakusketa zentro bat, ekitaldi areto bat, prestakuntza areto bat, erabilera aniztuneko gela bat eta liburutegi bat.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos