Elan Euskadik babesa eman dio 'Caminando Fronteras' elkarteari

Helena Maleno. Caminando Fronteras elkarteko kidea lanean. / CAMINANDO FRONTERAS
Helena Maleno. Caminando Fronteras elkarteko kidea lanean. / CAMINANDO FRONTERAS

Bertako kide den Helena Maleno Garzónek egindako adierazpenen ondoren jasan dituen mehatxuengatik

JUAN MARI ZUBIAURRE GETARIA.

Getariako Gobernuz Kanpoko Erakundea den ELAN Euskadik adierazpen garbia egin du 'Caminando Fronteras' elkarteari babesa emanaz eta bereziki bere kide den Helena Maleno Garzón emakumeari.

Adierazpenean zera diote, «ELAN Euskaditik gure babesa eskaini nahi diogu Caminando Fronteras elkarteari, duela aste batzuk Helena Maleno Garzón kideak egin zituen adierazpen batzuen ondorioz jasan behar izan dituen erasoen aurrean. Adierazpen horietan zionez Ceutako mugan polizia batek jasandako lesioa ez zen etorkinen indarkeriaren ondorio izan, baizik eta espainiar lurretan zeuden etorkin hauen aurka ostikoka aritzeagatik».

Adierazpen hauen ondorioz «hasi ziren kide honen aurkako erasoak Twitterren, baina eraso hauen aurrean kikildu ordez beste elkarrizketa bat eskaini zuen 'Es racismo' plataforman espainiar hegoaldeko mugako arrazismo instituzionalaren eraketa azaltzen. Honek erasoak larritu besterik ez zituen egin, bera isilarazteko sexualki bortxatzeko mehatxuak eginez edota bere bizi-tza pertsonalari erreferentziak eginez. Gainera Twitterren hasitako mehatxu eta irain hauek muga hori gainditu eta bere telefono mugikorrean deiak ere jaso ditu. Jarraian Helenak pistola eta bala banaren irudiarekin batera zihoan heriotza mehatxu bat jaso zuen non zera irakur zitekeen: 'Isilik egotea gomendatzen dizut edo akabatuko zaitugu. Agintariak haserretzen ari zara'.

Egoera honen aurrean Helenak salaketa bat aurkeztu du mehatxu guzti hauek bilduz, baina hau ez da nahikoa Giza Eskubideen alde lan egiten duten pertsona hauen aurkako ekintzak geldiarazteko.

Horregatik, bide judizialaz haratago, gizarte zibilari eta erakunde demokratikoei dei egin nahi diegu eskubideen defendatzaileak defenda ditzaten (#DefenderAQuienDefiende), lurraldearen defentsaren diskurtsoaren azpian etorkinak sistematikoki bortxatuak eta erailak izaten baitira» esanaz amaitu dute ELAN Euskadiko partaideak.

Temas

Getaria

Fotos

Vídeos