Elan Euskadi Gobernuz Kanpoko Erakundea urte askotan lanean

Beti lanerako prest. Goian Ulpiano kooperante batekin eta ondoan Juan Mari Aranguren ikurriña jaisten.
Beti lanerako prest. Goian Ulpiano kooperante batekin eta ondoan Juan Mari Aranguren ikurriña jaisten.

Salbatore Jaien barne bandera jaisteko ardura izan zuten 1996tik lanean ibili ondoren

JUAN MARI ZUBIAURRE GETARIA.

Elan Euskadi Gobernuz Kanpoko Erakundea 1996an sortu zen, Ulpiano Vigil Escaleraren eskutik, eta geroztik, urteak daramatzate lanean, hemengo jendeak 'Hirugarren Mundua' deritzona gertuago sentitzeko asmoarekin.

Urte guzti hauetan egindako lana goraipatzeko Salbatore jaien barne azken gaueko bandera jaitsiera euren ardura izan zen. Herritarrak txalo artean hartu zituzten. Denbora guzti honetan egindakoaren laburpen bat ikusiko dugu jarraian.

Helburu nagusiak hauek dituzte, batetik, herrialde horietako egoera ezagutaraztea, eta bestetik, bertako egoera ekonomikoa nahiz soziala hobetzea, berariaz prestaturiko programen eta proiektuen bitartez. Horrez gain, GKE honen xedea da pobrezian edo bazterketa-egoeran bizi diren pertsonen egoeraz herritarrak sentsibilizatzea.

Sentsibilizazio-kanpainei dagokienez, aurten 24. jardunaldiak antolatu dituzte, eta urte hauetan guztietan, hainbat erakundek eta norbanakok hartu dute parte antolaturiko hitzaldi eta solasaldietan: beste GKE batzuetako partaideek, boluntarioek, medikuek, politikariek...

Proiektuei dagokienez, bi herrialdetan hasi ziren lanean: Nikaraguan, 'Los Pipitos' urritasunak dituzten haurrei laguntzeko erakundearekin elkarlanean, eta Kuban, hara bidaltzeko askotariko gaiak, botikak eta eskolarako materialak bilduz. Gerora, ordea, proiektuak zabalduz joan dira, eta beste erakunde ba-tzuekin lan egiteaz gain, euren ekimenak beste herrialde batzuetara ere bideratu dituzte, hala nola Venezuelara eta Kolonbiara.

Ibilbide luze honetan, proiektu ugari gauzatu dituzte, eta nekez zerrendatu daitezke guztiak, baina, besteak beste, hauek aipatuko ditugu: 'Ulpiano Vigil Escalera' bekak, ikasleek bigarren zikloa eta unibertsitateko ikasketak egiteko aukera izan dezaten; Ciudad Bolivareko komunitate indigenaren garapena, bertako soroen ureztapena eta areto baten eraikuntza bultzatzeko proiektua; eta Movimiento Comunal Nicaraguenseren eskutik, etxebizitzak eta edateko uraren sareak sustatzeko proiektua.

Egun, 200 bazkidetik gora dituzte, eta erronka ugari aurretik. Beraz, sorrerako helburuei eutsiz jarraituko dugu aurrerantzean ere, hasierako indar eta ilusio berarekin. Une hauetan Cabo Verdeko 'Associação Nôs Jovens Santa Maria' erakundeari luzatu nahi diote eskua eta horretarako kanpaina berri bat zabaldu dute, non helburua hainbat tresna biltzea izango den: gurpildun aulkiak, bastoiak, taka-takak, makuluak, etab. 688 665 475 (Iñaki) edo 629 801 593 (Juan Mari) telefonoekin harremanetan jarri lagundu nahi dutenak.

Temas

Getaria

Fotos

Vídeos