Egitarau zabala antolatu da datozen gabon egunetarako

Gabon giroa nagusituko da datozen egun hauetan. /  ETXEBERRIA
Gabon giroa nagusituko da datozen egun hauetan. / ETXEBERRIA

Bihar arratsaldean kultur etxean ospatuko den ipuin kontaketak zabalduko du prestatutako egitaraua

DV ORIO.

Liburutegiak aldian behin antolatzen dituen ipuin kontaketa saioetako bat izango da bihar, astelehena, arratsaldeo 18:00etan hasita kultur etxeko areto nagusian. Ipuinak kontatzen Miriam Mendoza kontalaria arituko da. Orioko haurrek ezagutzen dute Miriam, lehenago ere etorri izan delako liburutegira. Biharko saioa, 3 urtetik 6 urtera bitarteko haurrentzat eta beren gurasoentzat zuzentzen da, eta ez da egokia adin horretatik beherakoentzat. Puntual hasiko da eta, behin hasita dagoenean, ateak itxi egingo dira, kontatzaileari eta haurrei endredorik ez sortzeko.

Biharko ipuin kontaketak emangio dio hasiera Udalak datozen gabon hauetarako antolatu duen egitarauari. Antolatu diren ekitaldiekin jarraituz, datorren ostegun honetan, arratsaldeko 19:15tan, gabonetako kontzertua izango da elizan, Danbolin musika eskola eta Salatxo abesbatzaren partaidetzarekin. Ondoren, abenduak 23an, gaueko 22:00tan, 'Herribil' dantza emanaldia iragartzen da Karela kiroldegian, Harribil dantza taldeak antolatuta.

Gabon bezperara murgilduz, abenduak 24an, goizeko 10:45tan, haurren kantu saioa izango da, Zaragueta eskola, ikastola eta Danbolin musika eskolako haur, irakasle eta gurasoak kalez-kale kantari arituko direlarik, Ikastola ondoko plazan hasita. Jarraian, goizeko 11:00tan, tonbola plazan, Ikastolako DBHko ikasleek antolatuta, eta arratsaldeko 17:00etan Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrera herriko plazara, Arkupe, Txurrumuski, eskola, ikastola eta Udalaren eskutik.

Egitarauarekin jarraituz, abenduak 27an -asteazkena-, goiz eta arratsaldez gabonetako haur parkea zabalik izango da Karela kiroldegian. Larunbatean, arratsaldeko 17:00-20:00etara, pedalkadak joz argia egiten duten bizikletak jarriko dira plazan, nahi duenak parte har dezan. Eta urteko azken egunean, San Silvestre lasterketa, goizeko 11:30tan haurren froga eta 12:00tan helduena, ikastola aurretik abiatuta. Izenak emateko, kiroldegira zuzendu behar da.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos