Donostiako Untzi Museoak Elkanoren oroimena berreskuratu du

Erakusketa. Getarian egon zen eta orain Donostian dago. Aurkezpenean Raúl Pérez, Nika Lertxundi, Denis Itxaso eta Xabier Alberdi /  AMAXKAR
Erakusketa. Getarian egon zen eta orain Donostian dago. Aurkezpenean Raúl Pérez, Nika Lertxundi, Denis Itxaso eta Xabier Alberdi / AMAXKAR

'Elkano, bere oroimena berreskuratuz' izenburua duen erakusketa bisitatu ahal izango da 2018ko otsailaren 18ra arte

JUAN MARI ZUBIAURRE GETARIA. '

Elkano, bere oroimena berreskuratuz. 1921eko monumentuaren proiektua' izenburua daraman erakusketa zabaldu dute aste honetan Donostiako Untzi Museoan. Bertan izan ziren Denis Itxaso Kultura eta Turismoko diputatua, Nika Lertxundi Getariako alkatea, Raúl Pérez Iratxeta Untzi Museoko zuzendari nagusia eta Xabier Alberdi Lonbide Untzi Museoko zuzendari zientifikoa.

Erakusketa honen oinarrian dago Lehen Mundu Biraren IV. Mendeurrenaren Batzordeak, nabigatzaile gipuzkoarraren figurari balioa emateko, 1921ean egin zuen ekimena.

Juan Sebastian Elkano nazioartean ezezaguna zela jakitun, 1920an Lehen Mundu Biraren IV. Mendeurrenaren Batzarrak lehiaketa bat antolatu zuen, Getariako San Anton mendiaren tontorrean monumentu handi bat eraikitzeko asmoarekin. Miguel Martín Fernández de la Torre (Kanaria Handiko Las Palmas, 1894-1980) arkitekto arrazionalistak egin zuen proiektu irabazlea, bere anaia Néstor (Kanaria Handiko Las Palmas, 1887-1938) pintore modernista eta sinbolistarekin elkarlanean, baina proiektua ez zen sekula gauzatu.

Proiektu horren 13 plano eta figurazioen bilduma erakusten da eta, bertan, estilo erregionalistako modelo arkitektonikoak agertzen dira. Dena den, ez da lehenengo aldia erakusketa hau ikus daitekeena zeren 2016ko maiatzean Cristóbal Balenciaga Museoan ikusgai egon zen.

Oraingo erakusketan zehar, serie horretako margolan bat zaharberrituko da museoan bertan, bisitarien aurrean, urriaren 12tik azaroaren 4a arte, ostegun, ostiral eta larunbatetan. Zaharberritze lanak mikromezenasgo-kanpaina baten bidez (crowdfunding) finantzatuko da; ekarpenak museoan bertan edo VERKAMI plataforma bidez (http://vkm.is/elcano) egin daitezke.

Raul Pérez Iratxetak, museoko zuzendariak, erakusketak duen garantiza azpimarratu nahi izan du, hainbat erakunderen arteko lankidetzaren eta harremanen ondorioa baita; izan ere, museoaren bitartez lurraldeko proiektu kulturalak (publikoak edo pribatuak) aktibatu, lagundu eta bultzatu nahi dira.

Xabier Alberdik, bestalde, testuinguru historikoan jarri du laugarren mendeurrena, eta azaldu du nola sortu ziren jarduera kultural haiek, besteak beste nabigatzailearen omenezko monumentu bat eraikitzea, kasu horretan sekula gauzatu ez zena.

Erakusketarekin batera, dinamizazio programa zabal bat antolatu da. Adibidez Bisita gidatuak erakusketara, asteartetik ostiralera, taldeei zuzenduak. Talde bakoitzaren beharretara egokitutako bisitaldiak dira eta 60 minutuko iraupena dute.

Aldez aurretik erreserba egin behar da. Lehen aipaturiko proiektuaren bozeto baten zaharberritze lanak erakustaretoan egingo da, publikoaren aurrean, Marta Gatell paper zaharberritzailearen eskutik. Taillerrak ere antolatu dira eta erakusketa bisitatu ahal izango da 2018ko otsailaren 18a bitartean, asteartetik igandera.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos